Politika -

Armagabetze iragarpena

Armen kokalekuaren berri Frantziari emateko eskatu dio Espainiak ETAri

Jose Manuel Mazaren hitzetan, Espainiak ez du "salbuespen-egoera" ezarri edo "terroristentzako kontzentrazio-eremuak" sortu behar izan ETA garaitzeko.

Juan Ignacio Zoido. Argazkia: EFE
Juan Ignacio Zoido. Argazkia: EFE
Juan Ignacio Zoido. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren armagabetzearen aurrean, Frantziako Poliziari arma guztien kokalekua esan diezaion exijitu dio ostiral honetan Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasun idazkariak ETAri. Ildo horretatik, arma horien kokalekua edota kopurua ez aldatzeko eskatu dio. Bere esanetan, ETAk ez du ezer lortuko armagabetzearen truke.

Jose Antonio Nietok ziurtatu duenez, dagoeneko Frantziako zein Espainiako justiziak bere kabuz hartu ditu terroristek erabilitako arma gehienak.

Espainiako Segurtasun idazkariak azaldu duenez, iaz ehun arma inguru kendu zizkieten terroristei, azken hamar urteotako kopuru handiena. Gauzak horrela, ETAri arma gutxi geratzen zaizkiola ziurtatu du, eta azken bost urteotan armagabetzea errentagarri bihurtzen ahalegindu dela azpimarratu du.

Espainiako Gobernuak ez du terroristen antzezpenetan parte hartuko, eta usteltzen ari den erakunde horri ez dio bizitza erraztuko”, esan du Jose Antonio Nietok. Bere esanetan, arma horiek argitu gabe dauden delituak argitzeko “frogak” dira, eta inork ez du legitimaziorik inpunitatea bultzatzeko eta arma horiek bere gain hartzeko.

'Legea betearazita garaitu dugu ETA'

Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusiaren esanetan, ETAren armagabetzea Espainiaren garaipena da: "Legea betearazita eta Zuzenbide Estatua errespetatuta garaitu dugu". Horregatik jotzen dute beste herrialdeek Espainiako agintariengana laguntza eske, jihadismoa garaitu nahian, gaineratu du.

ETAren armagabetze iragarpenaz galdetu diote Mazari, Iruñeko Justizia jauregian eskaini duen hitzaldi baten ostean. Bertan nabarmendu duenez, beste herrialde batzuek ez bezala, Espainiak "Legea errespetatuta eta betearazita" lortu du, "salbuespen-egoera eta neurosia" zabaldu gabe. "Ez ditugu terroristentzako kontzentrazio-eremuak eraiki behar izan", gaineratu du.

Mazaren ustez, Estatuko segurtasun indarren, gizartearen, epaileen eta auzitegiko medikuen jardunari esker erdietsi da ETAren akabera, "apurka-apurka". Askok "badute zer ikasi", horren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Bakea eta adiskidetzea Euskadin