Politika -

Ekitaldia

EH Bilduk 'berezko nortasuna duen subjektu politikoa' izan nahi du

Horrez gain, 'burujabetza prozesua' diseinatzeko asmoa ere adierazi dute, politika, gizarte eta sindikatuen arloetako beste zenbait eragilerekin batera.

Arnaldo Otegi, Pello Urizar eta Oskar Matute, EH Biduk Iruñean egindako ekitaldian. EiTB
Arnaldo Otegi, Pello Urizar eta Oskar Matute, EH Biduk Iruñean egindako ekitaldian. EiTB
EH Bildu subjektu politiko bilakatzeko konpromisoa sinatu dute

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berezko nortasuna duen subjektu politiko izateko konpromisoa erakutsi dute EH Bildu osatzen duten alderkiek (Sortu, EA, Aralar eta Alternatiba), koalizio izatetik harago. Horrez gain, "burujabetza prozesua" diseinatzeko asmoa ere adierazi dute, politika, gizarte eta sindikatuen arloetako beste zenbait eragilerekin batera.

EH Bildu "berezko nortasuna eta militantzia duen subjektu politikoa" izateko konpromisoa hartu dute gaur goizean Iruñean sinatu duten agirian, "irekia, barneratzailea, parte hartzailea eta erabat demokratikoa".

Hori guztia zehaztu dute dokumentuan, "koalizioa sortu zuten alderdien autonomiari eta nortasunari kalterik egin gabe". Izan ere, nork bere hitzaldia, profilak eta eremuak mantendu nahi dituzte, "EH Bildu osatzen duen espazio komuna" indartzeko.

Era berean, "Euskal Herria eraldatzeko burujabetza proposamena eta ezkertiarra eguneratzeko" konpromisoa berretsi dute. Horretarako, "subiranotasun prozesu eraldatzailea" diseinatuko dutela iragarri dute beste hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalekin elkarlanean, estatu propioa eraikitzeko, gizarte arloan aurreratua".

Besteak beste, Arnaldo Otegi (Sortu), Pello Urizar (EA), Oskar Matute (Alternatiba) eta Rebeca Ubera (Aralar) izan dira ekitaldian.

EH Bilduren ibilbidearen balantzea egin dute

Euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako agirian adierazi dutenez, EH Bilduk azken urteotan izandako garapena "bereziki baikorra" izan da, nahiz eta "akats politikoak eta koalizioaren barne-kudeaketan ageriko akatsak" onartu.

Alde batetik, oinarriak "berritzeko" garaia heldu dela azaldu dute alderdi sortzaileek, koalizioa "tresna parte hartzaileagoa, irekiagoa eta barneratzaileagoa" izan dadin.

Beste alde batetik, "gatazka konpontzeko prozesuan" egindako urratsak ziurtatzeaz gain, "Eskozian eta Katalunian dabilen burujabetza giroak" guztiz aprobetxatu nahi duten aukera irekitzen duela aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EH Bildu Gipuzkoa Gaurko azken orduko albistea