Politika -

memoria historikoa

Gerra Zibilean eraildako bizilagun bat omendu dute Urdiainen

Herritar ugari bertaratu dira Urdiaingo udaletxean egin den ekitaldira, baita Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Foru Gobernuko kontseilaria ere.

Francisco San Roman Galbeteri omenaldia Urdiainen. Argazkia: EiTB
Francisco San Roman Galbeteri omenaldia Urdiainen. Argazkia: EiTB
Francisco San Roman Galbeteri omenaldia Urdiainen. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria Urdiainen izan da gaur, bertako bizilaguna izandako Francisco San Roman Galbete zenaren gorpuzkiak bere familiari emateko ekitaldian parte hartzeko. San Roman Gerra Zibilean erail zuten, 1936an, eta Otsaportilloko osinean aurkitu zituzten haren gorpuzkiak.

Ana Ollok nabarmendu duenez, Nafarroako Gobernuak lagundu egin nahi die "euren senitartekoak desagertuta dituzten familiei egia ezagutzeko duten eskubidea bete ahal izan dezaten eta haien memoria duin bihur dezaten". Horretarako, gobernutik hainbat neurri hartu direla gogorarazi du, besteak bete, gorpuak lurpetik ateratzeko plana eta DNA banku bat abian jartzea.

Omenaldi ekitaldira hainbat bizilagun bertaratu dira, eta hasiera emateko Udalak adostutako adierazpen instituzional bat irakurri dute bai omendua oroitzeko, bai desagertuak aurkitu eta euren erailketak argitu aldera martxan jarritako ekimenei babesa emateko.

Horrez gain, gorpuak lurpetik ateratzeko ardura duen Aranzadi Zientzia Elkarteko Paco Etxeberria auzitegiko medikuak ere esku hartu du, Ana Ollorekin batera. Ollok azpimarratu duenez, San Romanen familiak "ez du bere memoria albo batera utzi 81 urte hauetan eta bere bilaketari eutsi diote".

Horrenbestez, gertatutakoaren memoriak "etikoagoa, bidezkoagoa eta errespetuzkoagoa den gizartea" eraikitzen lagunduko duela espero du. Adierazi duenez, senitartekoek erakundeen babesa jaso dezatela nahi du Foru Gobernuak, "egindako bidegabekeria ahal den neurrian konpontzeko".

Ekitaldiaren amaieran, Francisco San Romanen familiari haren senidearen gorpuzkoak eman dizkiete kaxa baten barruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak Frankismoa albisteak Memoria historikoa albisteak