Politika -

Epaiketak

Iruñeko istiluak ANra ez eramatea eskatu dute Errenteriako hainbat alkatek

Errenteriako egungo alkatearen eta bertako hiru alkateren aburuz, gertaerak 'ohiko epaitegietan' epaitu behar dira.

Errenteriako egungo alkatearen (Julen Mendoza) eta hiru alkate ohiren agerraldia. Argazkia: EFE
Errenteriako egungo alkatearen (Julen Mendoza) eta hiru alkate ohiren agerraldia. Argazkia: EFE
Errenteriako lau alkatek Iruñeko istiluak Nafarroan epaitzea eskatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julen Mendoza (EH Bildu) Errenteriako egungo alkateak eta Gipuzkoako herri horretan alkate izandako Juan Carlos Merino eta Adrian Lopez sozialistek eta Xabin Olaizolak (HB) martxoaren 11n, Iruñeko alde zaharrean, izandako istiluengatik akusatuta dauden gazteak ez ditzatela Auzitegi Nazionalean epaitu eskatu dute gaur.

Egun horretan Iruñean izandako istiluengatik hiru pertsona atxilotu zituzten gertakari haietan parte-hartzea leporatuta. Laugarren pertsona bat ere atxilotu zuen poliziak, baina aske geratu zen, adingabea baitzen.

Joan zen apirilaren 27an, Auzitegi Nazionalak terroristatzat jo zituen gertakariok, nahiz eta, aurretik, Nafarroako Auzitegiak kontrako iritzia agertu. Horrenbestez, Auzitegi Gorenak argitu beharko du nori dagokion eskuduntza.

Testuinguru horretan egin dute agerraldia Udaletxean Errenteriako lau alkateek. Bertan, ohar bat irakurri dute, eta, adierazi dutenez, "gertatutakoak ohiko epaitegien bidez ikertu eta epaitu beharreko gertaerak dira, baina ez Auzitegi Nazionalean".

Horrenbestez, alkateek "argi eta garbi" gaitzetsi dute "martxoaren 11n iruñean izandako indarkeriazko gertaerak eta suntsiketa, baita biolentziazko beste edozein adierazpen ere". Aitzitik, aldi berean, "araudia egun bizi den errealitatea kontuan hartuta aplikatzea" eskatu dute.

Agerraldian egon ez dena Miguel Buen (PSE-EE) izan da, 1987tik 2003ra bitartean herri horretako lehen zinegotzia izandakoa; alabaina, Mendozak ez du baztertu etorkizunean beste zenbait alkate ohik gaur argitara eman duten agiriarekin bat egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Berriak Politika Iruñeko albisteak Epaiketak albisteak Errenteria albisteak Gaurko azken orduko albistea