Politika -

MANIFESTAZIOA BILBON

Milaka herritar batu nahi ditu gaur Gure Esku Dagok, 'demokraziaren alde'

'Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko' goiburupean, 17:30ean abiatuko da manifestazioa Casillatik. Eragile sozial eta politiko askok egin dute deialdiarekin.

Oiarbide eta Nikolas, asteon, Gasteizen, manifestazioaren aurkezpenean.
Oiarbide: 'Euskal herritarren etorkizunaren aldeko aldarria izango da'

0:47

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago plataformak parte-hartze "jendetsua eta askotarikoa" eskatu du Kataluniako erreferendumaren alde gaur Bilbon egingo den manifestazioan, eta azpimarratu du Euskal Herriaren etorkizuna ere badagoela "jokoan" prozesu horretan.

Kolektiboak, asteon,  Gasteizen eman duen prentsaurrekoan salatu duenez, "onartezina" da Espainiako Estatuak urriaren 1eko kontsultari eman dion erantzuna.

Plataformaren arabera, erreferendumak "zilegitasun" guztia du, eta espero du gaurko manifestazioan jende asko eta askotarikoa izatea.

"Gure egiten dugu Kataluniaren aldarrikapena eta demokraziaren aldarrikapena" adierazi du Zelai Nikolas bozeramaileak. Gure Esku Dagoren ordezkariak azpimarratu du Euskal Herrian ere "erabakimenaren bidean aurrera" egin nahi dutela, "herritarrei entzuten dien demokrazian" sinesten dutelako, eta "gure etorkizuna ere jokoan dagoelako".

Casilla plazatik abiatuko da manifestazioa, 17:30ean, 'Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko' lelopean. Autonomia kalea, Hurtado Amezaga eta plaza Biribila zeharkatu ondoren, Udaletxe parean emango diote amaiera, ekitaldia batekin.

EAJ, EH Bildu, ELA eta LAB

Eragile sozial eta politiko askok egin dute deialdiarekin. Hala, EAJk ordezkaritza bidaliko du mobilizaziora. Jeltzaleek zehaztu dute ez dietela sekula militanteei manifestazioetan parte hartzeko eskatzen, eta afiliatuek euren erabakia hartuko dutela.

EH Bilduk eta Sortuk ere iragarri dute bertan izango direla, eta ezker abertzaleak gogor kritikatu du EAJren jokabidea, "PPren Gobernua babesten duelako".

ELA eta LAB sindikatuek ere manifestazioan parte hartzeko eskaera egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bilbo berriak Kataluniako erreferenduma Gure Esku argazkiak Albisteak Gaur Eguneko albisteak