Politika -

Katalunia

Kataluniako protestak sedizioagatik ikertzea eskatu du Fiskaltzak

Epaile batek 8 eta 10 urte bitarteko kartzela-zigorra ezarri ahal dio pertsona bati sedizioa egitea leporatuta. Agintari publiko batek bultzatuko balu, 10 eta 15 urte bitartekoa izan liteke.

U-1eko erreferendumaren alde milaka pertsona bildu dira azken egunotan. Argazkia: EFE
U-1eko erreferendumaren alde milaka pertsona bildu dira azken egunotan. Argazkia: EFE
U-1eko erreferendumaren alde milaka pertsona bildu dira azken egunotan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1ean egitekoa den erreferenduma saihesteko asmoz asteazkenean Guardia Zibilak egindako polizia operaziotik geroztik, Katalunian izandako protestak sedizioagatik ikertzeko salaketa bat jarri du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, iturri judizialek ostiral honetan jakitera eman dutenez.

Espainiako Zigor Kodearen 544. artikuluaren arabera, sedizioa ordena publikoaren kontrako delitua da. Zehazki, "indarkeria erabiliz edo arauetatik kanpo, indarrean dagoen Legediaren aplikazioa edo agintarien, erakunde ofizialen edo funtzionarioen agintea eragozteko publikoki altxatu diren pertsonak" dira delitugileak.

Gauzak horrela, autodeterminazio erreferendumaren eta Generalitatearen kontrako polizia operazioa oztopatzeko protestetan parte hartu duten independentziaren aldeko milaka pertsona horiei sedizioa egitea egotzi dakiokeen ikertzeko eskatu du Auzitegi Nazionalak.

Epaile batek 8 eta 10 urte bitarteko kartzela-zigorra ezarri ahal dio pertsona bati sedizioa egitea leporatuta. Gainera, protesta hori agintari publiko batek bultzatu izan balu, espetxealdia 10 eta 15 urte bitartekoa izan daiteke.

Gertaera larri horien aurrean, Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak sedizioa egin duten ikertzea eskatu du.

Joan den asteazkenean, independentziaren aldeko milaka pertsona irten ziren kalera, Guardia Zibila Generalitateko hainbat egoitzatan sartu eta Kataluniako Gobernuko 14 goi kargudun atxilotu ostean. Sedizioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, prebarikazioa eta desobedientzia leporatu zien Guardia Zibilak atxilotuei.

Miaketarekin amaituta, guardia zibilak eta epaitegiko taldea egoitzatik irten ahal izateko, Esquadra Mossoek esku hartu behar izan zuten ostegun goizaldean, Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean bilduta zegoen manifestari talde bat desegiteko.

Manifestari batzuek inguruan aparkatuta zeuden Guardia Zibilaren hiru autoak apurtu zituzten, eta erreferendumaren aldeko kartelak eta pegatinak jarri zizkieten. Hala, garabiekin eraman behar izan zituzten handik.

U-1eko erreferendumaren alde milaka pertsona bildu dira azken egunotan. Argazkia: EFE

U-1eko erreferendumaren alde milaka pertsona bildu dira azken egunotan. Argazkia: EFE

Fiskaltzak ANC eta Omnium seinalatu ditu sedizio salaketan

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bere salaketan ANCko eta Omniumeko presidenteak espresuki aipatzen ditu.

Salaketa Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko teniente fiskalak sinatu du. Irailaren 20an eta 21ean gertatutako istiluak zehaztu ditu salaketan, eta liskarren egileak bilatzeko atestatua egitea eskatu dio Guardia Zibilari.

Nahiz eta salaketak pertsona zehatzik ez aipatu, Kataluniako Asanblada Nazionala (ANC) eta Jordi Sanchez presidentea seinalatzen ditu. Salaketaren arabera, boluntarioen txandakatzea antolatzeko arduradunak izan ziren, "Poliziaren operazioa oztopatzen ari zirela jakinda", Guardia Zibilaren miaketan zehar, Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean hesi bat osatuz.

40.000 pertsonaren aurrean inor etxera ez joatea eskatu zuen Sanchezek. Jordi Cuixat Omniumeko presidentea Guardia Zibilaren auto baten gainean, Sanchezekin batera, protestari eusteko eskatuz identifikatzen du fiskalak. Hala ere, elkarretaratzea ezin zuela kontrolatu ikusita, manifestazioa desegitea eskatu zuen, salaketak nabarmendu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Bartzelona bideoak Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua argazkiak Espainia albisteak Eguneko albisteak