Politika -

Kataluniako erreferenduma

Auzitegi Nazionalak sedizio gisa ikertuko ditu Bartzelonako protestak

Carmen Lamela epaileak uste du protesta horiek "Espainiako Estatuaren lurralde antolakuntza hausteko asmoz" antolatu zirela, eta Guardia Zibilari informazioa eskatu dio.

Hamarnaka mila lagunek salatu zuten Guardia Zibilak egindako atxiloketak eta miaketak. EFE
Hamarnaka mila lagunek salatu zuten Guardia Zibilak egindako atxiloketak eta miaketak. EFE
Hamarnaka mila lagunek salatu zuten Guardia Zibilak egindako atxiloketak eta miaketak. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den ostiralean Fiskaltzak egin zuen salaketari bide emanda, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak sedizio moduan ikertuko ditu irailaren 20an eta 21ean, Guardia Zibilak erreferendumaren aurka burututako polizia-operazioaren ondotik, Bartzelonan izan ziren protestak.

Lamelak uste du mobilizazio horien helburua "Espainiako Estatuaren lurralde antolakuntza haustea" zela eta, beraz, Auzitegi Nazionalak gertakari haiek ikertzeko eskumena duela erantsi du auto batean.

Gauzak horrela, bi egun haietan izan ziren protestetan gertatutako guztiaren gaineko informazioa txosten batean biltzeko agindua eman dio Guardia Zibilari, tartean Ekonomia Kontseilaritzaren egoitza aurrean jazotakoa.

Fiskaltzak inoren kontra egin ez badu ere, salaketan Jordi Sanchez eta Jordi Cruxat ANC eta Omniun elkarteetako presidenteak aipatzen ditu, "mobilizaziorako deia egin zutelako, horrek polizia-operazioa oztopatuko zuela jakin arren".

Bartzelonan izandako protestak legedia ez aplikatzeko "matxinada" batekin lotu ditu Lamelak eta balizko delitu hori Zigor Kodearen 544. artikuluan jasota dagoela gogoratu du.

Bartzelonan gertatu zena "gobernatzeko modu baten kontrako erasoa" izan zitekeela ulertuta, hura ikertzea Auzitegi Nazionalaren eskumena dela dio Lamelak.

"Estatuaren lurralde antolakuntza legez kanpo aldatu eta lurralde nazionaleko zati baten independentzia aldarrikatzeko asmoz egin zuten", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak