Politika -

Katalunia

Kataluniak independentzia lortzea galaraziko duela agindu du Rajoyk

Alderdi Popularreko zuzendaritzarekin egindako bileran esan du Espainiako Gobernuak "behar den guztia" egingo duela Kataluniaren independentzia galarazteko.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Artxibiko argazkia: EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Artxibiko argazkia: EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Artxibiko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak "behar den guztia" egingo du Kataluniak independentzia eskura ez dezan. Hala adierazi die Mariano Rajoyk Alderdi Popularraren zuzendaritzako kideei. Bide horretan, Espainiako Konstituzioak eta Zigor Kodeak eskaintzen dizkion "tresnak" erabiliko dituela erantsi du, 155. artikulua ezarriko duen argitu ez badu ere.

"Kataluniaren independentzia galaraziko dugu. Horretarako beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditugu. Kataluniaren banatzea ez da gertatuko eta Espainiako Gobernuak bere esku dagoen guztia egingo du hala izan dadin", azpimarratu du Rajoyk.

Pablo Casado PPren Komunikazio idazkariordeak agerraldia egin du Rajoyren mezua zabaltzeko.

Casadoren hitzetan, Espainiako Konstituzioa eta Zigor Kodea erabiltzea "nahikoa izango da" Katalunia geldiarazteko, eta orain beste aldeak zer egingo duen galdetzeko unea dela erantsi du.

Aldebakarreko independentzia aldarrikatuz gero, Espainiako Estatuak "konplexurik gabe" erantzungo duela esan eta Generalitateko presidentea espetxeratua izan litekeela ohartarazi du.

Hori dela eta, "atzera egiteko garaiz daudela esan nahi diegu; izan ere, noraezean jarraituz gero, ez zaie doan aterako eta oso gaizki bukatuko dute", gaineratu du.

Baina Casado harago ere joan da eta Carles Puigdemontek Lluys Companys Kataluniako presidente ohiak bezala amaitu dezakeela mehatxu egin du. Companysek Kataluniako Estatua aldarrikatu zuen 1934an. Espetxeratu egin zuten eta, 1940an, fusilatu.

"Historia ez da errepikatu behar eta bihar ezer aldarrikatuko ez dela espero dut, bestela, bihar aldarrikapena egiten duenak duela 83 urteko aldarrikapena egin zuenak bezala amaitu dezake", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Alderdi Popularra Espainako Gobernuaren presidente ohia Kataluniaren independentzia Gaurko azken orduko albistea