Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Bakearen Nobelaren zortzi irabazlek bitartekaritza eskatu dute Katalunian

Politika

Kataluniako erreferenduma

Bakearen Nobelaren zortzi irabazle, Kataluniarako bitartekaritzaren alde

Agentziak | Erredakzioa

2017/10/10

Gutuna bidali diete Kataluniako eta Espainiako agintariei; haien iritziz, helduak diren demokrazietan "aukera dago adierazpen-askatasuna zenbait modutara eskatzeko".

  • Kataluniako Parlamentuaren Bozeramaileen Batzarraren bilera. Argazkia: EFE.

    Kataluniako Parlamentuaren Bozeramaileen Batzarraren bilera. Argazkia: EFE.

    Kataluniako Parlamentuaren Bozeramaileen Batzarraren bilera. Argazkia: EFE.
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Bakearen Nobela irabazia duten zortzi lagunek gutuna bidali diete astelehen honetan Espainiako eta Kataluniako agintariei; horren xedea da babesa ematea Kataluniako gatazkari bitartekaritza baten bidez irtenbidea topatzea proposatzen dutenei.

"Irtenbide baketsua lortzeko bitartekaritzaren eta negoziazioaren aldeko deiekin bat egiten dugu, Espainiak eta Katalunian egun duten gatazkan", esan dute gutunean. Testua Nobel Saria irabazia duten Emakumeen Ekimenaren webgunean argitaratu dute; aipatutako ekimena 2006an sortu zuten, eta horren asmoa da golardo hori jaso duten emakumeen arteko lankidetza bultzatzea.

Agirian, intelektualek ez dute zehaztu Espainiako eta Kataluniako zein agintariri igorri dieten agiria; dena den, nabarmendu dute Europako Batzordeari kopia helarazi diotela.

Sinatzaileek Katalunian urriaren 1ean izandako istiluak salatu dituzte, eta Quebecen eta Eskozian izandako galdeketak ekarri dituzte gogora. Horietan, mugimendu independentea izan zen, baina ezezkoak irabazi zuen; hortaz, Quebecek Kanada eta Eskoziak Erresuma Batean jarraitzen dute.

Gutuna sinatzen duten intelektualen artean, hauek daude: Adolfo Perez Esquivel argentinarra (1980an jaso zuen Bakearen Nobela), Rigoberta Menchu guatemalar ekintzaile indigena (1992an irabazi zuen), eta Jose Ramos-Horta Ekialdeko Timorreko presidente ohia (1996an eman zioten).

"Adierazpen-askatasuna baimentzeko hainbat modu"

Gutunaren izenburua da "Espainian demokrazia ahultzen ari al da? Bitartekaritza eta elkarrizketa, ala indarkeria eta alienazio handiagoak?"; testuan, zortziek azpimarratu dute demokrazia helduetan "aukera dagoela adierazpen-askatasuna zenbait modutara baimentzeko".

"Beste nazio batzuek egin dute; independentziaren aldeko erreferendumak gauzatu dituzte, Eskozian eta Quebecen adibidez. Bietan, ezezkoa gailendu zen", nabarmendu dute. Haien iritziz, erantzun bortitzek etsaitasuna eta nahigabea areagotzen dute, besterik ez dute lortzen.

Taldeak gaitzetsi du "Katalunian indarra erabili izatea" urriaren 1eko erreferendumean, eta berretsi dute ez zutela espero horrelako erantzun bortitzik egotea egungo Espainian.

"Bi aldeek huts egin dute, prozesuan. Hori ez da erreferendumarekin hasi, baizik eta duela zazpi urte, Auzitegi Konstituzionalak 2010eko Estatutua baliogabetu zuenean; Espainiako Parlamentuak onartuta zuen Estatutu hori", aldarrikatu dute.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena