Politika -

KATALUNIAKO INDENPENDENTZIA

Puigdemonten Gobernuak bilera egingo du gaur, kargugabetzeei muzin eginez

Carles Puigdemontek Gobernuak ez du onartzen kargugabetu dutenik eta gaur bertan bilera egiteko asmoa dute, urtea amaiera baino lehen hauteskunde konstituziogileak deitzeko aukera eztabaidatzeko.

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemonten Gobernuak ez du onartzen kargugabetu dutenik eta gaur bertan bilera egiteko asmoa dute hainbat gai aztertzeko. Tartean, urtea amaiera baino lehen hauteskunde konstituziogileak deitzeko aukera eztabaidatuko dute, albiste agentziek jakitera eman dutenez.

Atzo, Parlamentuak Kataluniako Errepublika aldarrikatu eta gero, bilera egin zuten arratsaldean lehen erabakiak hartzeko, naiz eta Mariano Rajoyk Gobernu hori bertan behera uzteko agindu, Konstituzioaren 155. artikuluaren baitan. Hala, Parlamentua desegintzat jo eta hauteskunde autonomikoak deitu zituen abenduaren 21erako.

Puigdemonten Gobernuak ez du bere kargugabetzea onartzeko asmorik eta hurrengo pausuak aztertu nahi ditu, ostiralean Parlamentuan onartutako ebazpena garatzerako.

Mahai gainean, alderdi subiranistetatik jakitera eman dutenez, hemendik aurrera egon daitezkeen eskenatokien azterketa dago, eta tartean, urtea amaitu aurretik hauteskunde konstituziogileak deitzea.

Atzo onartutako ebazpen independentistan, Trantsizio Legea (Kataluniarako esparru legala aurreikusten zuen, eta Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen) garatzeko behar diren erabaki eta dekretuak onartzeko eskatu zion Parlamentuak Gobernuari.

Bien bitartean, Estatuko Fiskaltza Nagusia kereila prestatzen ari da atzoko adierazpenaren arduradunei "matxinada" delitua egotzita. Kereila horrek, gutxienez, bozketa ahalbidetu zuten Gobernuko kideei eta Parlamentuko Mahaiko kideei eragingo die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Kataluniaren independentzia Pere Aragonès