Politika -

MANIFESTAZIOA BILBON

Milaka pertsona bildu dira Bilbon, 155aren kontra

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du "blokean" erantzun behar zaiola "inboluzioari" eta "etorkizun hurbilean EAJk parte hartu beharko du honelako ekimenetan" gaineratu du.

Manifestazioaren burua. Argazkia: EFE
Manifestazioaren burua. Argazkia: EFE
Kataluniari babesa adierazteko milaka herritar bildu dira Bilboko kaleetan

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun manifestazioa egiten ari dira Bilbon une honetan, "155.aren kontra. Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea" lelopean. Hainbat agente politiko, sozial eta sindikalek protesta egin nahi dute horrela, Katalunian 155 artikulua aplikatu eta Gobernuko kontseilariak espetxeratu dituztelako.

EH Bilduk, ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, CNTk, Etxaldek, EHNEk eta Gure Esku Dagok deitu dute, eta horiekin bat egin dute ondorengo alderdi eta agentek: Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Ernai, Independentistak, Eguzki, Berri Otxoak, Bilgune Feminista, Getariako Txikota Elkarte Soziala, Komite Internazionalistak, Hitz eta Hitz, Emakumeen Munduko Martxa, Bizkaiko Emakume Asanblada, Erabakizaleak, Brujas y Diversas eta Askapenak.

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak atzo iragarri zuen bere alderdiak ez zuelako gaurko manifestazioan parte hartuko , manifestazioaren leloarekin bat egin arren, ez zaizkiolako gustatu ekimen hau sustatzeko erabilitako moduak.

155. ARTIKULUAREN AURKAKO MANIFESTAZIOA BILBON EITB

Abiatu aurretik, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du "blokean" erantzun behar zaiola "inboluzioari: etorkizun hurbilean EAJk parte hartu beharko du honelako ekimenetan, gaur oso erraza baita zergatik gauden hemen azaltzea, eta oso zaila EAJ zergatik ez dagoen, baina euren erabakia da".

"Berriz ere esango dugu herri honen defentsan eta demokraziaren inboluzio horren aurreko autodefentsan, erabakitzeko eskubidea defendatzen duten agente guztiek parte hartu behar dutela bloke horretan, eta espero eta desio dut hori izatea EAJren hausnarketa" gaineratu du Otegik.

Ildo berean, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren iritziz, "aurkari politikoak kartzelan sartzeak ondorioak izan behar ditu euskal politikan. Ezin da gobernatu 155 artikulua defendatzen duenarekin".

Zelai Nikolas Gure Esku dago ekimeneko bozeramaileak argi utzi du: "Salbuespen egoeran gaude eta irmoki salatzen ditugu 155. artikuluaren aplikazioa, jazarpenak eta atxiloketak" eta era berean, "autokritika" egin du erantzun bateratua ez osatzeagatik baina horren alde lanean segiko dutela nabarmendu du.

"Independentzia" eta "Katalunia aurrera" izan dira oihu nagusiak eta kartzelaratuak aske uzteko ere eskatu dute manifestariek. Amaieran, Zuriñe Hidalgok eta Ramon Zallok erabakitze eskubidearen aldeko agiria irakurri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Berriak Politika EAJ-PNV Bilboko azken albisteak ELA LAB Gure Esku bideoak Ahal dugu albisteak EH Bildu Nafarroa Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Azken ordukoa protestak