Politika -

Katalunia

Puigdemonten eta lau kontseilarien deklarazioa abenduaren 4ra atzeratu du epaileak

Puigdemont eta bere kontseilariek abenduaren 4an deklaratu beharko dute. Epaileak euroagindua onartu du, baina aldaketak egin ditu; esaterako, sedizio eta matxinada delituak bateratu ditu.

Artxiboko argazkia: EFE
Abenduaren 4an erabakiko dute Puigdemont estraditatzen duten ala ez

2:01

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont presidentearen eta harekin batera Bruselan dauden lau kontseilari kargugabetuen kontrako euroaginduak aurrera darrai. Hala erabaki du Bruselako lehen auzialdiko epaitegiak, hain justu, Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak haien aurka emandako atxilotzeko aginduaren inguruan erabakiko duen epaileak. Gaurko agerraldiaren ondotik, Belgikako epaileak Espainiaren euroagindua onartu du, hainbat aldaketarekin. Zehazki, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua kendu du, eta matxinada eta sedizio delituak bateratu ditu. Gainera, epaileak abenduaren 4ra deitu ditu berriro.

"Fiskaltzak euroagindua gauzatzea eskatu du egitate baterako salbu, prebarikazioa", adierazi du Christophe Marchand defentsa abokatuetako batek Bruselako Kontseiluaren Ganberan (lehen auzialdiko epaitegia) bildu diren kazetarien aurrean.

Ministerio Publikoaren iritziz, prebarikazioak izan ezik, Belgikako ordenamendu juridikoan tokia dute Espainiak Carles Puigdemont, Lluis Puig, Clara Ponsati, Meritxell Serret eta Toni Comini leporatzen dizkien delituek. Hala aurreratu defentsa abokatuak.

Gaurko saioan Bruselako Fiskaltzaren arrazoiak soilik entzun dira, eta Puigdemont eta bere kontseilariek epailearen aurrera itzuli beharko dute datorren abenduaren 4an. Orduan, beren abokatuen txanda izango da.

Saioa ateak itxita egin da Bruselako Kontseiluaren Ganberan (lehen auzialdiko epaitegia), eta akusatuek banan-banan hitz egin dute haien abokatuak lagun zituztela. Gainera, auziaren instrukzioa nederlanderaz egitea erabaki dutenez, frantziarrez egin beharrean, itzultzaile bat ere egon da.

Bista 14:00etan hasi da eta ordubete inguruko iraupena izan du. Puigdemont eta lau kontseilari kargugabetuak ezarritako ordua baino minutu batzuk lehenago heldu dira Bruselako Justizia Auzitegira.

Auzi politikoa dela esango du defentsak

Lluis Puig, Clara Ponsati, Meritxell Serret eta Toni Comin Puigdemonten abokatuek "zalantzarik gabe auzi politikoa" dela defendatuko dute. Gainera, Carmen Lamela ANko epailearen euroaginduak "oso gaizki eginda" daudela argudiatuko dute.

Era berean, Espainian egotzi dizkioten delituek -matxinada, sedizioa, desobedientzia, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa- "inposizio bikoitza" printzipioa ez dutela betetzen esango dute, hau da, Espainian delitua dena Belgikan ere baliokidea izatea.

Horrez gain, Lamela epaileak euroaginduetan emandako "ustelkeriaren" definizioarekin bat egitea zalantzan jarriko dute. Lamelak argudio hori eman zuen EBeko herrialde batek estradizioa automatikoki onartu behar duen delituen zerrendan agertzen direlako.

Bost akusatuen defentsako abokatu batzuek, Michelle Hirschek eta Christophe Marchandek, entregatzeko eskari "politikoa eta neurrigabea" jaso dutela salatuko dute, Le Soir eta Le Monde egunkarietan aurreratu zutenez.

Erabakia atzera liteke

Epaileak erabakia hartu ondoren, Bruselako Fiskaltzak eta bosten abokatuek 24 ordu izango dituzte helegiteak aurkeztu eta Apelazio Auzitegira jotzeko.

Espainia ez da aldeetako bat prozesuan, beraz, ezingo dio Fiskaltzari helegitea aurkeztea eskatu, baina Belgikako Ministerio Publikoak Espainiako agintariekin hitz egingo du erabaki bat hartu baino lehen.

Apelazio Auzitegiaren erabakiaren ostean ere helegiteak aurkezteko aukera egongo da eta, orduan, Kasazio Auzitegiak (Espainiako Auzitegi Gorenaren parekoa) erabakiko luke. Halere, horrek ez luke euroagindua sakoenean aztertuko, baizik eta prozesuaren forma.

Europa mailako aginduen kasuan, 60 eguneko epean erabaki behar da, gehienez, eta, salbuespenetan, beste 30 egunez luzatu daiteke, 90 eguneko mugarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika Brusela Kataluniako erreferenduma gaur Belgika bideoak Epaiketak argazkiak Gaurko azken ordukoa Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès albisteak