Politika -

Katalunia

Iritsi dira Sixenako monasteriora Lleidako museotik ateratako artelanak

Tentsio uneak izan dira lekualdatzearen kontra protestan ari direnen eta Guardia Zibilaren eta Esquadra Mossoen artean.

Segurtasun eremua handitzen saiatu dira Mossoak, eta indarrez hartu dituzte manifestariak. EFE
Tentsio uneak Lleidako Museoan. EFE
Iritsi dira Sixenako monasteriora Lleidako museotik ateratako artelanak

1:39

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lleidako museotik ateratako artelanak iritsi dira Sixenako monasteriora, Aragoiko Gobernuak jakinarazi duenez. 44 artelanetatik 43 iritsi dira; izan ere, Mayte Perez erkidegoko Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako sailburuaren esanetan, obretako bat desagertu egin da.

Sixenako biztanleak monasterioaren kanpoaldean bildu dira artelanak zekartzan kamioiaren zain.

Protesta artean atera dituzte artelanak

Eguerdi aldera atera dituzte Sixenako lehen artelanak Lleidako Museotik. Lekualdatzea protesten artean burutu behar izan dute Guardia Zibilak eta Mossoek, lanok mugitzearen aurka ehunka pertsona bildu baitira Museo inguruan.

Goizaldean (04:00) sartu dira eraikinean. Zortzi orduz izan dira artelanok biltzen, Aragoiko Gobernuko teknikarien ikuskaritzapean.

44 pieza dira guztira Lleidako Museotik Billanueba de Sixenako monasteriora eraman beharrekoak. Aragoiko Gobernuak eskatu zituen lanok, eta epaile batek baimendu zuen lekualdatzea. Erabakiaren kontra helegitea aurkeztea bazegoen ere, Konstituzioaren 155. artikulua indarrean dagoenetik Katalunian agintean dagoen Espainiako Gobernuak ez aurkeztea erabaki zuen. Gaur zen azken eguna agindua betetzeko.

Artelanetako batzuk oso handiak dira —hiru hilkutxa daude horien artean— eta aditu bat eta enpresa espezializatu bat aritu dira horiek bertatik eramateko lanak gidatzen. 44 piezak kamioi batean sartu eta gaur bertan eramango dituzte Aragoira.

Guardia Zibilaren eta Esquadra Mossoen 100 bat furgoneta joan dira Lleidako Museoaren kanpoaldea babestera, eta Mossoen helikoptero bat ere ibili da 08:00etatik zaintza lanetan.

Lekualdatzearen kontra protesta egiteko 500 bat pertsona bertaratu dira. 155. artikuluaren (horri esker mugituko dituzte artelanak), Angel Ros Lleidako alkatearen eta operazioaren aurkako oihuak egin dituzte manifestariek: "Espainiak lapurreta egiten digu", "Angel Ros, dimisioa", besteak beste.

Segurtasun eremua handitzeko indarra erabili dute Mossoek, eta hainbat karga egin dituzte manifestarien kontra.

Medikuek gizon bat artatu behar izan dute, takikardia izan baitu.

ATENDIDO PROTESTAS SIJENA LLEIDA EFE

Osasun zerbitzuak, pertsona bat artatzen. Argazkia: EFE

Erreakzio politikoak

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak nabarmendu duenez, "Esquadra Mossoak ordena publikoa bermatzen ari dira gaur Lleidan". "Ziur naiz egoki egingo dutela", gaineratu du. Kultura ministroak esan du epaile batek aginduta ari dira artelanok lekualdatzen: "Epaiak bete egin behar dira. Horixe da, hain justu, egiten ari garena".

Kataluniako Gobernua, ordea, Sixenako artelanak Aragoira eramatearen kontra egon da betidanik, eta lekualdatzea 155. artikulua aplikatuta gauzatzea kritikatu du. Carles Puigdemont presidenteak Twitter bidez salatu du gaurko operazioa. "Gauean eta militarizatutako polizia erabiliz, betiko moduan, Estatu kolpe bat baliatu dute Katalunia espoliatzeko, inpunitate guztiarekin", bota du sare sozialean.

Kataluniako politikari ugari bildu dira Lleidako Museoaren aurrean, protesta egiteko. Han dira, besteak beste, Joan Tarda (ERC), Mireia Boya (CUP) eta Laura Borras (JuntsxCat), baita Josep Borrell Generalitateak Lleidan duen Kulturako ordezkaria ere.

Tardak nabarmendu duenez, Lleidan gaur gertatzen ari dena "155.a babesten duten indarrek hauteskundeak irabazten badituzte gerta daitekeenaren aurrerapena baino ez da. Lotsagarria da hau egitea, Gobernua kartzelan eta erbestean dagoela baliatuta".

"Espero dut umiliazio saiakera hau ikasgai izatea, horrelako jendea Gobernura heltzen bada gerta daitekeenaren seinale. Gure herrialdea Kataluniatik zuzentzen da, ezin dugu onartu XXI. mendean Madrildik agintzea", adierazi du.

Josep Borrellen aburuz ere, "hanka-sartze itzela" da gaurkoa. Horren arabera, "Aragoiko herritarrei kalte egin diezaieke. Kataluniak eskuzabaltasunez jokatzen du zerbitzu batzuk eskainita, osasun zerbitzua esaterako, baina gaurkoaren ostean hauxe esan dezakegu: aski da, berriro pentsatu beharko dugu. Dinamika honetan sartzeak ez dio inori mesede egiten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Berriak Politika Artea gaur Azken kultur albisteak Gaurko azken orduko albistea Erakusketei buruzko azken ordukoa Aragoi albisteak