Politika -

Akordioa

Nafarroako Ekonomi Hitzarmenaren eguneraketa sinatuko dute gaur

Nafarroako eta Espainiako gobernuek foru erkidegoak estatuari egin beharreko ekarpena adostu dute, hilabeteak negoziatzen eman ondoren. Horrela, 510 milioi euroko ekarpena finkatu dute.

Nafarroako eta Espainiako Gobernuek Hitzarmen Ekonomikoa sinatuko dute gaur

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu zentraleko eta Nafarroako Exekutiboko ordezkariek Ekonomi Hitzarmenaren eguneraketa sinatuko dute asteazken honetan, Ogasun Ministerioaren egoitzan. Horrela, Nafarroak Estatuari egin beharreko ekarpena txikiagoa izango da aurrerantzean.

Foru Erkidegoak Estatuari egin beharreko ekarpena adostu dute bi exekutiboek, hilabeteak negoziatzen eman ondoren. Horrela, urtero 510 milioi euroko ekarpena finkatu dute, 2015. urtea oinarri hartuta.

Azken ekitaldietan Nafarroak egindako ekarpena murriztea suposatuko du horrek. Orain arte erreferentzia 2010. urtea izan du Foru Erkidegoak, Hitzarmenean negoziatutako azken oinarri urtea.

Aldeko saldoa

Horrela, behin akordioa sinatu ondoren, Nafarroak Estatuari 2015ean eta 2016an egindako ordainketak berriz aztertzea beharrezkoa izango da; izan ere, Foru Erkidegoak aldeko saldoa izan dezake.

Cristobal Montoro Ogasun ministroa eta Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuaren Hazienda eta Finantza Politikarako kontseilaria sinadura ekitaldiko protagonistak izango dira.

Manu Ayerdi Nafarroako presidenteordeak, Luis Esain Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak, Begoña Urrutia Aurrekontuko zuzendari nagusiak, Maite Dominguez Ekonomi Hitzarmen Zerbitzuko zuzendariak eta Javier Zabaleta Araudi Garapen eta Aholkularitza Juridiko Zerbitzuaren zuzendariak Aranburu lagunduko dute.

Jose Enrique Fernandez de Moya Hazienda Estatu idazkariak, Alberto Nadal Aurrekontu eta Gastuen Estatu idazkariak, Roberto Bermudez de Castro Lurralde Administrazioetarako Estatu idazkariak, Juan Ignacio Romero Lurralde Koordinaziorako idazkari nagusiak eta Belen Navarro Erkidego eta Udalen Finantziaziorako idazkari nagusiak, ostera, Montoro lagunduko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gaurko albisteak Nafarroan Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Ekonomia 2024 Nafarroako Gobernua albisteak