Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

Maravillas Lambertoren izena jarri diote Iruñeko plaza bati

Larragako gaztea bortxatu eta hil egin zuten frankistek 14 urterekin. Hala, "errepresio frankistak Nafarroan eragin zituen biktimen ordezkari" dela esan du Joseba Asiron alkateak.

Josefina Lamberto eta familia, Iruñean jaso duten omenaldian. Argazkia: EFE
Josefina Lamberto eta familia, Iruñean jaso duten omenaldian. Argazkia: EFE
Josefina Lamberto eta familia, Iruñean jaso duten omenaldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maravillas Lamberto, frankistek 14 urterekin hil zuten neskatoaren izena izango du gaurtik aurrera Iruñean, Lezkairu auzoan dagoen plaza batek. Hala, gazte honi eta bere familiari omenaldia egin nahi izan dio Udalak eta "Memoria Historikoarekin duten konpromisoa berretsi".

Larragan jaio zen Maravillas, 1922an, eta UGTko militantea zen aitaren ondoan egon nahi izan zuen 1936ean, atxilotu zutenean. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Memoria Historikoaren Funts Dokumentalak jasotzen duenez, neskatoa behin eta berriz bortxatu zuten, eta ondoren, hil egin zuten, bere aita bezala.

Gauza horrela, Maravillas Lamberto "errepresio frankistak Nafarroan eragin zituen biktimen ordezkari" dela, nolabait, esan du Udalak; eta horregatik, espazio publiko bat eskaini nahi izan diote Iruñean.

Pozik hartu du omenaldia Josefina Lamberto, Maravillasen aizpak, "82 urteko minaren ondoren" errekonozimendu honek "bihotzera bake pixka bat" ekartzen diola esan du, baina "ezin dugu ez barkatu ez ahaztu" gaineratu du.

Memoria historikoaren aldeko ekitaldi guztiak merezitakoak direla esan du alkatea, baina gaurkoa, agian "berezien, beharrezkoena, eta sentituena da, kasuaren beraren gogortasunagatik". Izan ere, Maravillasen "bekatu bakarra, aita bakarrik utzi nahi ez izatea" izan zela gogoratu du.

Halaxe kontatzen zuen duela urte batzuk ETBn Josefa Lambertok nola hil zituzten Maravillas eta bere aita. Gaur oso hunkituta zegoen plazan.

Aizpa eta aitaren hilketen ostean, Maravillasen sendia Iruñera joan zen eta bertan "pobrezian, elurra ari zuenean ere abarkak jantzita" ibiltzen zirela gogoratu du alkateak. Horregatik, badela garaia "aitari, eta bere bizitzako emakume guztiei omenaldia egiteko" eta horiekin batera "indarkeria faxistaren biktima izan ziren emakume guztiei" esan du.

Interbentzioen ondoren, lore eskaintza egin dute Maravillas Lambertoren izena duen plakaren azpian. Poema bat errezitatu dute, eta Paz de Ziganda abesbatzak Fermin Balentziaren "Maravillas" abestu du.

Plaza honekin, emakumeei eskainitako espazio publiko gehiago egongo dira Lezkairu auzoan. Izan ere, iaz sei plazari jarri zieten garai ezberdinetako emakumeen izenak. Guztiek "Aintzindarien Parkea" osatzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gaurko albisteak Nafarroan Albisteak Gaur Frankismoari buruzko albisteak Memoria Historikoa