Politika -

EPAIKETA

Gaur berrekingo diote 'De Miguel' auziari

Berez 26 akusatuei deklaratzea tokatzen bazitzaien ere, euren abokatuek hala eskatuta, epaiketaren amaieran egingo dute, eta kasua ikertu zuten ertzainek deklaratuko dute bihar.

'De Miguel auzia'n epaitzen ari direnak, lehen egunean. Argazkia: EFE.
'De Miguel auzia'n epaitzen ari direnak, lehen egunean. Argazkia: EFE.
'De Miguel auzia'n epaitzen ari direnak, lehen egunean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, astelehena, berrekingo diote Arabako Auzitegian De Miguel kasuari. Atxilotuen etxeetan frogak jaso eta horiei egindako grabazioekin zerikusia duten ertzainek deklaratuko dute.

Arabako EAJren hainbat buruzagi ohi epaitzen ari dira ustezko ustelkeria kasu honetan.

Ohikoena prozedura honetan epaitzen ari diren 26 pertsonek deklaratzea izango litzateke bihar, baina azkenean, euren abokatuak hala eskatuta, eta Fiskaltzaren oniritziarekin, amaieran deklaratuko dute

Inoiz Euskadin ustelkeriagatik izan den epaiketarik handiena da 'De Miguel auzia'. Urtarrilaren 8an ekin zioten epaiketari eta aurretiazko fasea hainbat saio luzatu zen. Hainbat alegazio argitzeko etenaldi bat egin ostean, proba testifikalaren faseari ekingo zaio orain.

Sei saio izango dira hurrengo bi asteetan eta Ertzaintzako 38 agentek deklaratuko dute, eta horietako batzuk kasua argitara atera zuten grabazioekin lotutakoak dira. Grabazio horiek Ainhoa Alberdi abokatuak entregatu zizkion Fiskaltzari 2009an. Alfredo de Miguel orduan Arabako EAJren bigarrena eta foru diputatu zenak 100.000 euroko komisioa eskatu ziola salatu zuen, bere enpresari Arabako Parke Teknologikoaren handitzean adjudikazio edo esleipen bat emateagatik.

Alberdik entregatu zuen grabadoraren zaintza-katean parte hartu zuen ertzainak ere deklaratu dute hurrengo asteetan. Defentsek grabazio horiek baliorik gabe uzteko eskatu dute "manipulazio zantzuak" eta zaintza-katean akatsak egon zirelakoan, baina Auzitegiak sententzian bertan emango du gai horren inguruko ebazpena, froga guztiak bildu eta gero.

Akusatuen etxeetan miaketak egin zituzten ertzainek ere deklaratuko dute hurrengo asteetan. Defentsek horien instrukzioa ere bertan behera uzteko eskatu dute, ordenagailuetatik informazioa ateratzerakoan "behar baino gauza gehiago, modu indiskriminatuan eta legea urratuz" egin zutela argudiatuta.

Grabazioaren auzian bezala, epaian bertan ebatziko du eskaria epaileak, baina gogorarazi du antzeko eskari baten inguruan erabaki behar izan zuela jada instrukzio fasean eta ez zuela poliziaren aldetik "gehiegikeriarik" ikusi.

Kasuaren konplexutasuna dela eta, urrira arte espero dute epaiketa luzatzea.

Josu Izagirre Arabako fiskal buruak 54 urteko kartzela-zigorra eskatzen du De Miguelentzat: "Bere burua eta hirugarren batzuk aberasteko helburuz, zilegi ez zen onura ekonomikoa" bilatu zuela uste du fiskaltzak, eta horretarako, 2005a baino lehen sozietate sare baten buru izan zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Araba Arabako albisteak