Politika -

Gipuzkoa

Pasaiako lonjaren auzia itxi du Donostiako epaitegi batek

Lonja eraikitzeko lanetan deliturik ez du atzeman Donostiako 2. zenbakiko instrukzio epaitegiak.

Pasaiako Portuko bulegoen kanpoaldea. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Pasaiako Portuko bulegoen kanpoaldea. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Pasaiako Portuko bulegoen kanpoaldea. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako 2. zenbakiko instrukzio epaitegiak Pasaiako lonjaren auzia itxi du, hura eraikitzeko lanetan deliturik egon ez zela ebatzita.

Martxoaren 28ko data duen auto batean Fiskaltzaren eskaera ontzat hartu eta auzia artxibatzea eskatu du. Diru publikoa bidegabe erabili ez zela ebatzi du Epaitegiak.

Erabakia pozez hartu du Pasaiako Portu Agintaritzak, eta ohar batean, erakundearen irudiari "kaltea egin dion auzia behin betiko itxi" dela nabarmendu du.

Fiskaltzak berak jarritako salaketa bat du iturri auziak. Pasaiako lonjen lanek bost milioi euroko gainkostua izan zuten. Salaketan bost delitu aipatzen zituen fiskalak: prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, agiri ofizialak faltsutzea, iruzurra, funtzionarioen eroskeria eta negoziazio debekatuak egitea. Halakorik egon ez zela ebatzi du orain epaitegiak.

Aurretiazko diligentzietan, Pasaiako Portuko teknikariak eta lonja eraiki zuen aldi baterako enpresa-elkarteko kideak galdekatu eta Portuko bulegoak miatu dituzte. Portu Agintaritzak azpimarratu duenez, "eskatutako dokumentazioa" guztia epailearen esku utzi dute, tartean Estatuko Portu Agintaritzak egindako auditoretza eta Kontuen Auzitegiak emandako ebazpena.

Epailearen autoaren arabera, lonja eraikitzeko lanetan "ez zen diru publikoa bidegabe erabili". Epailearen ustez, "irregulartasun administratibo batzuk izan dira, baina justifikatuta daude".

"Aurrekontua gainditu bazen, egin beharreko lanak gehiago izan direlako da", ebatzi du.

Pasaiako Portu Agintaritzaren aburuz, auto horrek "erakunde honen irudia kaltetu duen auzia behin betiko itxi du".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Delituak Pasaia bideoak