Politika -
PSE
'Aurrekontu atzerakoiak' babestu izana leporatu dio Anduezak EAJri
Bestalde, sozialistek Donostiako Udalean egindako lana goratu du Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak, "Donostian aldaketa nabarmena izatea ahalbidetu baitute".
AGENTZIAK | ERREDAKAZIOA
Eneko Andueza Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak aurkeztu dituen bezalako aurrekontuen aurka egongo da "beti" Alderdi Sozialista, eta ez du ulertzen "nola da posible beste indar politiko batzuk, pertsonekin konprometituak daudela diotenak (EAJri aipamena eginda), atzerakoiak diren eta murrizketetan sakontzen duten aurrekontuak babestea".
Ernesto Gasco Donostiako lehen alkateordearekin komunikabideen aurrean egin ditu Anduezak adierazpen horiek. Donostian bildu dira Alderdi Sozialistak Donostiako Udalean egindako lana aztertzeko, eta "2019ko udal hauteskundeei begira, Gipuzkoako Alderdi Sozialistak Donostia hirirako aurkeztuko dituen proposamenak aztertzeko".
Donostiako sozialisten lana goratu du Anduezak, "Gobernu-alor batzuk kudeatu duen heinean, Donostian aldaketa nabarmena izatea ahalbidetu baitu". "EH Bilduren aurreko Gobernuaren blokeo amaigabetik aktiboa den beste berri batera igaro gara", azaldu du Anduezak. "Protagonismo aktiboa izan dugu, ez bakarrik gure alorretan, izan ere, Udaleko politika guztiei izaera aurrerakoia eman diegu", gaineratu du.