Politika -

81. urteurrena

Gernikak gudarien omenezko eskultura bat inauguratu du, 'bakerako oihu’ modura

3,17 metroko eta 1.200 kiloko eskultura Jaizkibel Fundazio Artistikoak egin du. Bi euskal gudariren brontzezko figurak dira, eta horietako batek ikurriña altxatzen du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernikako Udalak omenaldia egin die larunbat honetan Gerra Zibilean borrokatu zuten gudariei, 3 metro baino gehiagoko eta 1.200 kiloko brontzezko eskultura bat inauguratuta, "bakerako oihu" bat helarazi nahian, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez.

Erkoreka Jose Maria Gorroño Gernikako alkatearekin batera izan da eskulturaren inaugurazioan, "Gerra Zibilean demokraziaren, bizikidetzaren eta askatasunaren alde borroka egin zuten pertsonen omenez", Eusko Jaurlaritzak esan duenez.

Eskulturak 3,17 metro neurtzen du, 1,2 tonako pisua du, eta Jaizkibel Fundazio Artistikoak egin du. Bi euskal gudariren brontzezko figurak dira, horietako batek ikurriña altxatzen duela.

Obra honekin, Gernikak "gudarien balentria aitortzen du", eta "etorkizuneko belaunaldientzako oroitzapena" izan nahi du.

Erkorekaren hitzetan, eskultura hau "bakerako oihu bat" da. "Memoriaren aurkaria ez da denbora, isiltasuna eta hutsunea baizik", azpimarratu du.

Udalerriko bizilagunekin eta gudarien jantziak zituzten gizonezko talde batekin batera, ekitaldira Andoni Ortuzar EAJko burua ere joan da.

Eskulturaren inaugurazioa Gernikako bonbardaketaren 81. urteurrenaren baitan izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Politika Gernika-Lumo Gaurko azken orduko albistea Frankismoa Memoria Historikoa