Politika -

ETA-ren amaiera

Eusko Legebiltzarreko pasilloak, ETAren azken adierazpenaren zain

Estrategia “politiko militarraren” amaiera txalotu du EAJk. Egindako min “bidegabea” onartzeko eskatu dio Elkarrekin Podemosek ETAri. “Behingoz alde egitea” bakarrik espero duela adierazi du PPk.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJko bozeramailearen hitzetan, ETAren amaiera arrazoi politikoengatik, ez etikoengatik, erabaki zuen ezker abertzaleak. Hala ere, giza eskubideak urratu dituen eta euskal politikari “kalte” egin dion “estrategia politiko militarra” amaitutzat jotzeko erabakia txalotu du jeltzaleak.

Eusko Legebiltzarreko pasilloetan egin ditu adierazpenak Egibarrek, asteazkenean argitara emandako gutunaren inguruan galdetuta. Erakundeak bere ziklo historikoa eta funtzioa amaitutzat eman zituen, apirilaren 16ko data duen eskutitz batean. “Egitura guztiak erabat desegin” dituela erantsi zuen.

Erakundearen adierazpenak bere “ñabardurak izango ditu”, esan du Egibarrek, baina “ETAren amaiera da”. Sorturen sorrerak eta ezker abertzaleak erakundea desegiteko erabakia hartu zutela defendatu du ordezkari jeltzaleak, “ez arrazoi etikoengatik, eraginkortasun politikoagatik baizik”.

Zentzu horretan, “estrategia politiko militar baten itxiera” egiaztatu ahal izango dela uste du Egibarrek. Bozeramaile jeltzalearen ahotan, estrategia horrek “ondorioak” izan ditu “giza eskubideen urraketan eta elkarbizitzaren hausturan” eta, gainera, “euskal politikari kalte estrategikoak egin dizkio”.

Emandako mina “bidegabea” izan dela onartzeko eskatu dio Elkarrekin Podemosek ETAri

Azken adierazpenean, emandako mina “bidegabea” eta “saihesgarria” izan dela onartzeko eskatu dio Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak ETAri, baita egindako “krimenak” argitzen laguntzeko ere.

Legebiltzarreko pasilloetan egindako adierazpenetan, asteazkeneko gutunarekin alderatuta ETAren azken adierazpenean nobedade handirik ez izatea espero duela azaldu du Martinezek.

Hala ere, “begien bistakoa” denari buruz bakarrik ez mintzatzea gustatuko litzaiokeela erantsi du. Indarkeriak “atsekabe handia” sortu duela azpimarratzeaz gain, “adjektibatzeko” eskatu dio ETAri, min hori “bidegabea eta saihesgarria” zela nabarmentzeko, alegia.

Alonso (PP): "Behingoz ETAk alde egitea eta lotsaturik desagertzea soilik espero dugu"

Bestalde, Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak ziurtatu duenez, ETAk “behingoz alde egitea” espero du gaurkoan, sortutako “atsekabe” eta “sufrimendu” guztiagatik “lotsaturik” desagertzea. Gainera, “sekula ezer” lortuko ez duela ohartarazi dio Alonsok erakundeari.

Kazetarien galderei erantzun dio Alderdi Popularreko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko pasilloetan. “Behingoz alde egiteko eta bakean uzteko, egindako guztiagatik lotsaturik desagertzeko”, eskatu du Alonsok. Emandako min guztiak “ez du ezertarako balio izan, sufrimendua sortzeko baino ez”, aurpegiratu dio PPko presidenteak erakundeari.

Alonsoren esanetan, ETAk ez du helburu bakar bat ere erdietsi, eta “ez du sekula” lortuko. “Behingoz alde egitea eta bakean uztea, besterik ez dugu espero”, errepikatu du.

EH Bildu talde parlamentarioak ez du adierazpenik egin. Sozialistek ere ez dute hitz egin nahi izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Alderdi politikoak Albisteak Bakea Euskadin