Politika -

ETA-ren amaiera

Presoen inguruko eztabaida saihestu du Terrorismoaren aurkako Itunak

Legearen aplikazio arduratsuarekin jarraituko dutela hiru aldiz errepikatu du Juan Ignacio Zoido Barne ministroak, “orain, duela 10 eta 30 urte egin bezala”.

ETAren desegitea aztertzeko Terrorismoaren aurkako Itunaren bilera. Argazkia: EFE
ETAren desegitea aztertzeko Terrorismoaren aurkako Itunaren bilera. Argazkia: EFE
ETAren desegitea aztertzeko Terrorismoaren aurkako Itunaren bilera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETA desegin ondoren, presoen hurbilketa posible baten inguruko eztabaida baztertu dute gaur Terrorismoaren aurkako Itunaren bileran parte hartu duten alderdiek, UPyDk eta UPNk salbu. Horrela, batzarrak erakundearen porrota adierazteko eta biktimei babesa emateko balio izatea nahi zuten parte-hartzaileek.

Nahiz eta gai-zerrendak galderak egiteko txandarik ez aurreikusi, UPyDko ordezkariek galdetu dute: “Eta presoak, zer?”.

Juan Ignacio Zoido Barne ministroak erantzun die: "presoak, legearen aplikazio arduratsua". “Ez da ordainik izango, ezta kontraprestaziorik ere”, erantsi du ministroak.

Hala ere, kazetariek espetxe politikan aldaketarik izateko aukeraz galdetu diotenean, adibidez, presoek barkamena eskatuko balute, baldintza “formulario bat betetzea” izan behar ez duela azpimarratu du Zoidok, “denboran zehar jarrerak eta jokabideak mantentzea eta egiaztatzea baizik”.

Legearen aplikazio arduratsuarekin jarraituko dutela hiru aldiz errepikatu du ministroak, “orain, duela 10 eta 30 urte egin bezala” Espetxe Lege Orokorrarekin, demokraziaren aurreneko arauarekin. Ia aho batez onartu zuten legea, bi abstentziorekin soilik.

 

Zoido: "Baldintza formulario bat betetzea ez da izan behar"

 

Gaur espetxe politikaz hitz egiteko parada ez zela esan dute alderdi gehienek, baina Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak presoak ez hurbiltzeko konpromisoa idatziz hartzen ez baldin badu, Nafarroako bi diputatu erregionalistek aurrekontuak errefusatuko dituztela ohartarazi du Iñigo Alli UPNko ordezkariak.

“Porrota onartzearren” ETA sarituko ez dutela errepikatu du Barne ministroak. “Ez da zigorgabetasunik izango, ez orain, ezta etorkizunean ere”, gaineratu du.

Bileraren helburua desegitea aztertzea zela berretsi dute PSOEk, Ciudadanosek eta Podemosek, eta batez ere, “gizarte osoari, alderdien batasunari, segurtasun indarren borrokari, epaile eta fiskalen lanari eta biktimen ezinbesteko paperari esker ETA garaitu” dutela agerian utzi. EAJk eta ERCk ez dute bileran parte hartu.

Gizarteak biktimekin sekula ordaindu ezin izango dien “zor handia” duela adierazi du Margarita Robles Kongresuko bozeramaile sozialistak. Horregatik, biktimak ETAren “indarkeria zentzugabe eta totalitarioaren” historian beti gogoan izan behar dituztela azpimarratu du Roblesek.

Rafael Mayoral Podemoseko diputatuak biktimei elkartasuna adierazteaz gain, presoek zigorrak familiengandik gertu bete behar dituztela gogorarazi du.

Era berean, Juan Carlos Girauta Ciudadanoseko diputatuak lehen hitzak biktimei zuzendu dizkie. “Sekula” ahaztuko ez dituztela agindu du Girautak. Oraindik 300 krimen baino gehiago argitu gabe daudela gogorarazi du alderdi laranjako ordezkariak, baita armak entregatzeke eta atxilotzeko aginduak betetzeko ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP UPyD UPN Espainiako Gobernua Presoak ETA Alderdi politikoak Ciudadanos Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Terrorismoaren Biktimak Gaur