Politika -
EPAIKETA
Rullek, Sanchezek eta Turullek erregea eta Puigdemont eraman nahi dituzte epaiketara
Eskaera hori egin dute Jordi Turull, Josep Rull eta Jordi Sanchezen abokatuek beren defentsa-idazkietan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datozen egunetan Auzitegi Gorenean Kataluniako buruzagi independentisten aurka hasiko den epaiketari begira, defentsako abokatuak jo eta su lanean ari dira. Jordi Sanchez ANC Kataluniako Asanblea Nazionaleko presidente ohiaren eta Josep Rull eta Jordi Turull kontseilari ohien abokatuek Felipe VI.a Espainiako erregeak, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak, Ada Colau Bartzelonako alkateak eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak epaiketan lekuko gisa deklaratzea eskatu dute.
Eskaera hori egin dute Jordi Turullen, Josep Rullen eta Jordi Sanchezen abokatuek beren defentsa-idazkietan. Fiskaltzak matxinada eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen die bi kontseilari ohiei, eta matxinada, ANCko presidente ohiari. Behin-behineko espetxealdian daude hirurak.
Hiru horien defentsako abokatuen esanetan, Espainiako erregeak bere deklarazioa beharrezkoa ez dela erabakiko balu (ez dago behartuta), Jaime Alfonsin Espainiako Errege Etxeko buruak egitea eskatu dute.
Puigdemontek bideokonferentzia bidez Waterlootik deklaratzeko aukera izatea ere galdegin dute.
Halaber, Turullek eta Rullek Iñigo Urkullu lehendakaria eta Artur Mas Generalitateko presidente ohia ere deitu nahi dituzte lekuko gisa.
Sanchezek, bere aldetik, Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruzagi ohiaren eta Teresa Laplana intendentearen agerraldia eskatu dute.