Politika -

Martxoaren 29ko greba-eguna

Ares: 'Ihesi zihoala erori zen Nafarrate. Ez zuten pilotarik jaurti'

Joan den martxoaren 29an Ertzaintzak Gasteizen martxan jarri zuen operatiboan gertatu zena azaltzeko agerraldia egin du Aresek Eusko Legebiltzarreko Herrizaingo Batzordean.

Rodolfo Ares, Herrizaingo sailburua. Argazkia: EITB
Ares: 'Ihesi zihoala erori zen Nafarrete. Ez zen pilotarik jaurti'
Xuban Nafarratek pilotakadarik ez zuela jaso adierazi du Aresek

01:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak astearte honetan azaldu duenez, martxoaren 29ko greba-egunean larri zauritu zen Xuban Nafarrate gaztearen zauriak Ertzaintzatik ihesi zihoala izan zuen erorialdiak eragin zituen, eta ez gomazko pilota baten kolpeak. Sailburuaren hitzetan, egun horretako operazioan ez zuten gomazko pilotarik jaurti.Eusko Alkartasunak eskatuta, agerraldia egin du Aresek Eusko Legebiltzarreko Herrizaingo Batzordean, martxoaren 29an Ertzaintzak Gasteizen martxan jarri zuen operatiboan gertatu zena azaltzeko.

Greba-egunean Arabako hiriburuan izan ziren istiluetan gazteak konortea galdu zuen eta Zainketa Berezien Unitatean sartu behar izan zuten sei egunez, garezur-garuneko traumatismoagatik.

Gaztearen abokatuak salaketa jarri zuen Gasteizeko Instrukzio Epaitegian, eta, salaketarekin batera, bi bideo aurkeztu zituen, ''Ertzaintzaren pilotakada batek zauritu zuela erakusteko eta Herrizaingo Sailaren bertsioa gezurtatzeko''.

''Salba tiro bakarra''

Aresek azaldu duenez, 50 gaztek osatzen zuten ''bortxazko pikete'' baten kide zen Xuban. Sailburuaren hitzetan, istiluak eragiten ari ziren gazteak identifikatzeko asmoa zuten Ertzaintzako agenteek, eta horietako batek bakarrik zeraman aldean eskopeta bat. Arma horrek ''kartutxo abiarazlea bakarrik'' zeukan, eta ez zegoen bertan gomazko pilotarik, Aresek emandako azalpenen arabera.

Agenteetako bat Nafarrete harrapatu nahian zebilen, eta gazteak Ekialde instituturantz ihes egin zuen. Orduan, Nafarrate lurrera erori zen, Aresek azaldu duenez. Agentea bertaratu eta ''polizia-makilarekin gaztea hanketan birritan kolpatu behar izan zuen'', ustez Nafarratek agentearen aurka egin zuelako.

Aresek emandako datuen arabera, beste zortzi gazte bertara hurbildu ziren, ''ustez Polizia jarduna ekiditeko''. Horren aurrean, eskopeta aldean zeraman beste agenteak ''tiro bakarra egin zuen, pilotarik gabe, eta zerurantz''. ''Salba tiro bakarra egon zen'', azpimarratu du Aresek.

Azken erabakia Justiziaren esku dagoela gogora ekartzeaz gain, Ertzaintzaren izena ''zikintzeko'' helburuarekin martxan jarri dituzten ''kanpaina zuzenduak'' salatu ditu sailburuak bere agerraldian.

Elkarretaratzea, Legebiltzarraren kanpoaldean

Legebiltzarrean Aresek agerraldia egin duen bitartean, ehun bat pertsona bildu dira kanpoaldean, ''Poliziaren indarkeria salatu'' eta Aresen dimisioa eskatzeko.

Batzorde horretan bertan beste agerraldi bat egin du berriki Herrizaingo sailburuak, maiatzaren 5ean Bilbon gertatutakoa argitzeko. Izan ere, Athleticen partida baten ondoren izandako istiluetan Ertzaintzak botatako gomazko pilotakada baten ondorioz zauritu zen Iñigo Cabacas gaztea, eta, handik bi egunera hil egin zen, zaurien ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea