Politika -

Navarra Sumaren haustura

UPN bakarrik aurkeztuko da Nafarroako hauteskundeetara

Ondorioz, ez da berriro errepikatuko UPN, PP eta Ciudadanos legealdi honetan bildu dituen Navarra Suma koalizioa. Alderdi erregionalistako zuzendaritzak aho batez erabaki du bakarrik aurkeztea 2023ko foru eta udal hauteskundeetara.

Javier Esparza UPNko presidentea. Argazkia: EFE
Javier Esparza UPNko presidentea. Argazkia: EFE
Javier Esparza UPNko presidentea. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Union del Pueblo Navarro (UPN) bakarrik aurkeztuko da Nafarroako hauteskundeetara, eta, beraz, ez da berriro errepikatuko UPN, PP eta Ciudadanos legealdi honetan bildu dituen Navarra Suma koalizioa.

UPNko zuzendaritzak aho batez erabaki du bakarrik aurkeztea 2023ko foru eta udal hauteskundeetara. Erabaki hori Kontseilu Politikoari helaraziko zaio eta Navarra Suma eskuineko koalizioari amaiera emango dio.

Javier Esparza presidente erregionalistak eman du erabakiaren berri, alderdiaren zuzendaritzarekin bildu ostean. Bertan, UPNren siglapean aurkezteko erabakia hartu dute.

Esparza: "Inkestek esaten digute oraingoan babes gehiago batzen ditugula, bakoitza bere aldetik joanda elkarrekin joanda baino"

Hiruko koalizioak 20 parlamentari lortu zituen 2019ko hauteskundeetan, baina ez ziren nahikoa izan Gobernua osatzeko. Iruñeko eta Tuterako udaletan, aldiz, gobernatzea lortu zuen.

Agerraldian Enrique Maya Iruñeko alkate eta UPNko presidenteordea eta Miguel Sanz presidente ohia ere bertan izan dira. Esparzak azaldu duenez, bakarrik joateak "babes sozial handiagoa, alternatiba gehiago eta aukera gehiago ematen dizkigu Nafarroa gobernatzeko eta EH Bilduk ezer ez erabakitzeko".

"Inkestek esaten digute oraingoan babes gehiago batzen ditugula, bakoitza bere aldetik joanda elkarrekin joanda baino, eta esaten digute bananduta joateak ematen digula aukera gehien gure helburua lortzeko, hau da, Nafarroa berriro gidatzea eta EH Bilduk lurralde honetan ez agintzea, ez dezala erabaki", ziurtatu du.

"Bakarrik joateak aukera ematen digu euskal independentismoarekin abentura gehiagorik nahi ez duten eta EH Bildurekin akordiorik nahi ez duten milaka jarraitzaile sozialista moderaturi botoa emateko", adierazi du, eta "PPrekin eta Ciudadanosekin koalizioan joanda, PSNri eta EH Bilduri mesede egiten diegu", gaineratu duenez.

Carlos Perez-Nievas Ciudadanoseko Nafarroako koordinatzaileak "akats politikotzat" jo du UPNren erabakia, eta, gainera, oso kritikoa izan da erabakiaren berri emateko "moduekin", berak komunikabideen bidez ezagutu duela adieraziz.

Perez-Nievasek azaldu duenez, erabakiak ez du harritu, UPNk "denbora asko daramalako erabaki hori hartuko zuela ikusten". "Argi zegoen koalizioa hausteko gogoa abuztutik ikusten zitzaiela", adierazi du.

Sergio Sayas diputatu nafarrak adierazi duenez, Esparzak "bere erabaki guztiekin baieztatzen du Sanchismoaren alde dagoela", eta "PPrekin eta Ciudadanosekin hausteko erabakiak erakusten du edozertarako prest dagoela, Sanchez pozik uzteko eta, horrela, harekin ituna egin ahal izateko".

"Lehenik, Carlos Garcia Adanero — diputatu nafarra ere bai — eta ni kanporatu gintuen, Sanchezen politikei aurre egiteak gogaitzen zuelako, eta orain bazkideekin hausten du, PSOErekin lortu nahi dituen akordioetarako traba egiten diotelako", ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP UPN Nafarroa Ciudadanos Jose Javier Esparza Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Nafarroako PP azken ordukoa