Politika -

Nafarroako Parlamentua

Gaur hasiko da Chivite Nafarroako presidente izendatzeko inbestidura saioa

Nafarroako Parlamentuak 50 eserleku ditu, eta alderdiek dagoeneko iragarri dituzte euren botoak. PSNk (11), Geroa Baik (7) eta Zurekin Nafarroak (3) alde bozkatuko dute, eta EH Bildu (9) abstenitu egingo da.

Maria Chivite, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Maria Chivite, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Maria Chivite, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak gaur hasiko du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentegai sozialista izendatzeko inbestidura saioa, eta gehiengo osoa emango ez dion bozketarekin amaituko da eguna, aurreikuspenen arabera.

Nafarroako Parlamentuak 50 eserleku ditu, eta alderdiek dagoeneko iragarri dituzte euren botoak. Gobernu ituna sinatu duten hiru alderdiek [PSN (11 boto), Geroa Bai (7) eta Zurekin Nafarroa (3)] alde bozkatuko dute, EH Bildu (9) abstenitu egingo da, eta UPNk (15), PPk (3) eta Voxek (2) aurkako botoa emango dute.

Saioa 09:30ean hasiko da, eta Chivitek bere programa azalduko du, Ganberaren konfiantza eskatzeko denbora-mugarik gabe. Jarraian, talde parlamentario bakoitzak 30 minutu izango ditu aritzeko, eta, ondoren, Chivitek batera edo banaka erantzun ahal izango die.

Hitzaldiek erreplikak izan ditzatekela kontuan hartuta, Unai Hualde Ganberako presidentearen kalkuluen arabera, isilpeko bozketa 18:30etik aurrera egingo da, baina ordu hori prozesuaren arabera alda daitekeela ohartarazi du.

Lehen bozketa horretan proposatutako hautagaiak Parlamentuko kideen gehiengo osoaren babesa (26 boto) lortuz gero, konfiantza jaso duela ulertuko da, baina taldeek iragarritakoa betetzen badute, ez da horrelakorik gertatuko.

Hori dela eta, beste bozketa bat egin beharko da, 24 ordu geroago, eta, beraz, asteartean, presidentegaiak babes nahikoa lortuko du Ganberako kideen gehiengo soila lortzen badu, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago. Gobernu ituna sinatu duten hiru alderdiek (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) 21 boto eman eta EH Bilduk (9) abstentzioaren alde eginez gero, UPNk, PPk eta Voxek batzen dituzten 20 parlamentarien ezezkoa jasota ere, Nafarroako presidente hautatuko dute bigarren aldiz Chivite.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra UPN Albisteak PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentua Vox Nafarroako Gobernuko presidentea