Politika -

Memoria historikoa

Fiskaltzak frankismoko torturak ikertzea eskatu du lehen aldiz

Carlos Vallejo sindikalistaren kasu ikertzearen alde azaldu da Ministerio Publikoa. Vallejok kereila aurkeztu zuen sei polizia frankisten aurka Bartzelonako komisaria nagusian bera torturatzeagatik.

Frankismoko biktimen aldeko omenaldi bat. Argazkia: EFE
Frankismoko biktimen aldeko omenaldi bat, Iruñean.
Frankismoko biktimen aldeko omenaldi bat. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen aldiz, Fiskaltzak frankismo garaian egindako tortura kasu bat ikertzeko eskaera egin du, Memoria Demokratikoaren Legeari men eginda. Katalunian gertatu da, sindikalista batek torturatu zuten sei agenteen aurka aurkeztutako kereilaren auzian.

Txostenean, Ministerio Publikoak kereila tramitera onartzeko galdea egin du Bartzelonako 18. instrukzio epaitegian. Carlos Vallejo sindikalistak sei polizien kontrako kereila aurkeztu zuen Via Laietana komisarian eman zizkioten tratu txarrak tarteko. 

Memoria Demokratikoaren Legea onartu zenetik, lehen aldia da Fiskaltzak Gizateriaren kontrako hilketak eta torturak ikertzea babesten duena. 

Ministerio Publikoak argudiatu duenez, lege berriak giza eskubideen urraketa horiek "ikertzeko betebeharra" ezarri zion Estatuari, baita "egia eta biktimen erreparazioa" bermatzea ere.  

Bartzelonako fiskalak tramitera onartzea baztertu zuen ekainean

Ekainean, bestelako egoera izan zen kasu honetan. Bartzelonako 18. zenbakiko instrukzio epaitegiko fiskalak kereila tramitera ez onartzea eskatu zuen. Argudiatu zuenez, delituak preskribatuta zeuden eta Amnistiaren Legeak horiek ikertzea galarazten zion. Dena dela, erabakia berrikusteko agindua eman zuen Dolores Delgado Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Salaren fiskalburuak (Justizia ministro izandakoa da Delgado), eta gaurkoan eman du, Bartzelonako Fiskaltzarekin batera, kereila tramitera onartzeko eskaeraren berri. 

Aurretik ikertu dira Frankismo garaian izandako giza eskubideen kontrako urraketak: Madrilgo instrukzio epaitegi batek tramitera onartu zuen Segurtasun Zuzendaritza Orokorrean, 1975ean, torturak jasan zituen gizonezko baten kereila. Biktimak duela astebete deklaratu zuen. Dena dela, kasu horretan Fiskaltzak ez du oraindik iritzirik eman. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bartzelona Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Giza eskubideak