Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

Ordena Publikoko Auzitegiak Euskadiko herritarren kontra zabaldutako sumarioak digitalizatuko ditu Gogorak

Gogora Institutuak jakinarazi duenez, lehen ikerketen arabera, 1963 eta 1977 bitartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2.700 herritar baino gehiagoren aurkako sumarioak abiarazi zituen auzitegi horrek.

Gogoraren zuzendaritza kontseiluaren bilera, gaur, Bilbon. Argazkia: Irekia
Gogoraren zuzendaritza kontseiluaren bilera, gaur, Bilbon
Gogoraren zuzendaritza kontseiluaren bilera, gaur, Bilbon. Argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1963tik 1977ra Ordena Publikoko Auzitegiak Euskadiko herritarren kontra zabaldutako sumarioak digitalizatuko ditu Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroan daude gordeta prozesu horiei buruzko dokumentuak.

Gogoraren zuzendaritza kontseiluak Bilbon gaur egin duen bileran hartu duten erabakietako bat da hori. Ekimena joan den astean Eusko Legebiltzarrean onartutako Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legean jasota dago, eta Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioarekin elkarlanean gauzatuko da, bi aldeek hitzarmena sinatu ondoren.

Euskadiko herritarren aurka aipatutako urteetan hasitako sumario guztiak bildu nahi ditu Gogorak. Lehen ikerketen arabera, Araban, Bizkaian edota Gipuzkoan "auzotasuna zuten 2.700 pertsona baino gehiagoren aurkako sumarioak" abiarazi zirela uste dute. "Hala ere, helburua jatorriz euskaldunak ziren pertsonen sumarioetara iristea ere bada, nahiz eta beste erkidego batean bizi", esan dute ekimenaren arduradunek.

"Ikerketa-proiektu honek ekarpen handia egingo du frankismo garaiko eta trantsizioaren hasierako egia argitzeko, aldi horretan Euskadin jasandako errepresioaren dimentsio eta ezaugarri gehientsuenak ezagutzeko aukera emango baitu. Gainera, dokumentazio hori eskuratu ahal izatea funtsezkoa da diktaduraren aurkako gizarte-mugimenduen eta dinamika politiko eta kulturalen historia berreskuratzeko", nabarmendu du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak.

Bestalde, gaurko bileran ikerketa berri baten behin-behineko emaitzen berri ere eman dute, 1936-1945 aldian frankismoko espetxe-sistemaren biktimei buruzkoa. 37.000 pertsona baino gehiago espetxeratu zituzten Euskadin, eta horietako 16.500 EAEko herriren bateko bizilagunak ziren, 5.100 emakume tartean; gainerakoak, Espainiako Estatuko beste lurralderen batekoak ziren. Gutxienez, 314 pertsona hil ziren espetxean. 

Gaurko bileran, Gogoraren 2024rako aurrekontuaren aurreproiektua ere onartu dute, 6.764.884 eurokoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa albisteak Memoria Historikoa Gogora Institutua gaur