Politika -

profila

Pello Otxandiano, EH Bilduren ideologo gaztea

Orain arte koalizioko Programa zuzendaria izan dena doktorea da Telekomunikazio ingeniaritzan. EH Bilduren sorreratik bertatik dago koalizioan, hasiera batean zinegotzi gisa, eta ondoren, zuzendari estrategiko bezala.

Otxandiano, EH Bilduk bidalitako argazki batean.
Otxandiano, EH Bilduk bidalitako argazki batean.
Otxandiano, EH Bilduk bidalitako argazki batean.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Otxandiano Kanpo (Otxandio, Bizkaia, 1983) proposatu du EH Bilduko mahai politikoak 2024rako EAEko hauteskundeetarako lehendakarigai (oinarriek berretsi beharko dute hautagaitza). 

EH Bilduko zuzendaritzan pisu nabarmena izan duen gizona (Programa zuzendaria izan da orain arte) familia abertzale eta euskaldun baten baitan hazi eta hezia izan da. Hain justu, giro hark txikitatik eragin dio. 

Familiaren zati bat, birraitona eta amamaren bi nebak, Otxandioren kontrako bonbardaketan zendu zen, 1936ko uztailean. Hilketa horiek "mugarri  izan ziren familiarentzat, eta horrek hurrengo bi belaunaldien bilakaera eta ikuspegia markatu ditu", koalizioko iturriek nabarmendu dutenez. Gainera, bere osaba batek lehen Korrika antolatzen parte hartu zuen, eta gurasoek euskal kulturarekiko eta munizipalismoarekiko konpromiso sendoa izan dute.  

40 urteko politikaria Telekomunikazio ingeniaritzan doktorea da Mondragon Unibertsitatean (MU). Doktore egonaldiaren zati bat Suediako Göteborg hiriko Chalmers University of Technology unibertsitatean egin zuen, eta horri esker ezagutu zituen herrialde eskandinaviarren ezaugarri sozial eta ekonomikoak eta politika publikoak.

EH Bilduren sorreratik bertatik, 2011tik, egon da Otxandiano koalizioan. Aurrez, Sortuko zuzendaritzako kide ere izan zen. 2011-2015ean EH Bilduko zinegotzi izan zen jaioterrian. Ondoren, Programa zuzendari hautatu zuten. Kargu horretan, koalizioaren hainbat proposamen estrategia ontzeko zeregina izan du, besteak beste, Hezkuntza Legearen ingurukoa. 

Bi alaben aita, Otxandion bizi da. Zaletasunen artean, musika eta mendia ditu gustuko. Hiru hizkuntza menperatzen ditu: euskara, gaztelania eta ingelesa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak EH Bildu Zenbat hautagai aurkeztu dira? Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Pello Otxandiano albisteak