Politika -

EAE-ko hauteskundeak

EH Bilduk Pello Otxandiano proposatu du lehendakarigai

Mahai Politikoak adostu du Otxandiano izatea hautagaia, baina oinarriek berretsi beharko dute hautagaitza. Otegiren hitzetan, "belaunaldi berri bat" ordezkatzen du, eta "sinesgarritasuna" eta "zorroztasuna" bermatzen ditu. Otxandianok "arduraz, umiltasunez eta ilusioz" hartu du albistea.

EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandiano. Argazkia: EH Bildu
Pello Otxandiano
EH Bilduk iragarri du Pello Otxandiano proposatuko duela lehendakarigai izateko

1:22

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren Programa zuzendari Pello Otxandiano proposatu du koalizio abertzaleak lehendakarigai datorren urteko EAEko hauteskundeetarako, gaur bertan, prentsaurrekoan, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak aurreratu duenez.

Zure interesekoa izan daiteke: Pello Otxandiano, EH Bilduren ideologo gaztea

Mahai Politikoak adostu du Otxandiano izatea hautagaia, baina militanteek berretsi beharko dute hautagaitza, datorren asteko astelehenean abiatuko duten barne prozesuan.

Otegiren hitzetan, "belaunaldi berri bat" ordezkatzen du hautagaiak, eta "sinesgarritasuna" eta "zorroztasuna" bermatzen ditu.

"Herri honi fidagarritasuna, segurtasuna eta konpromisoa emateaz gain, bi ezaugarri oso garrantzitsu ditu: gauzak aldatzeko grina, eta herri honek behar duen agertokia berreskuratzeko adorea", erantsi du.

Otxandianok berak, sare sozialetan eskegitako mezu batean azaldu duenez, eskertu egin du hautagaitza eta azpimarratu, oinarrien babesa lortuz gero, "arduraz, umiltasunez eta ilusioz" hartuko duela egitekoa. 

2020ko hauteskundeetan Maddalen Iriarte izan zen EH Bilduren hautagaia. Gainera, aurtengo maiatzean egin ziren Udal eta Foru hauteskundeetan Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko aurkeztu zen Iriarte.

Oraingoan, baina, "epe ertain eta luzerako" apustua egin nahi izan du EH Bilduk, Otegik berak zehaztu duenez, "belaunaldi berriei horretarako aukera emanez".

Duela 40 urte Otxandion (Bizkaia) jaio zen Otxandiano. Telekomunikazio Ingeniaritzan doktore da, eta EH Bilduren "ideologotzat" dute zenbaitzuk.

Otegiren agerraldia

"Iragarri genuen gisara, abendu honetan, EAEko hauteskundeei begira, hautagai aukeraketa abiatuko dugu. Hurrengo astelehenean hasiko dugu prozesua, eta data eta mugarri zehatzak xehatuko ditugu orduan", adierazi du.

Zentzu horretan, nabarmendu du "bi nobedade" dituela Mahai Politikoaren erabakiak. "Estreinakoz, lehendakarigaia ez ezik, Bozeramailetzarako eta Parlamentuko Presidentetzarako hautagaien izenak proposatuko dituzte", esan du.

Otegik nabarmendu du, baita ere, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak "arazo propioak" dituztela. "Laburbilduz, Gobernua agortuta dago, eta nekagarria da, eta gauza bera gertatzen da aliantza ereduarekin. XIX. mendetik gertuago dagoen politika egiteko moduak dira nagusi. Osakidetzan, Ertzaintzan, Hezkuntzan... nonahi daude arazoak", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Politika albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra EAEko hauteskundeak EH Bildu Bizkaia Hautagaiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Pello Otxandiano gaur