Politika -

eusko legebiltzarra

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu dute Trantsizio Energetikoaren Legearen inguruan

Adostutakoaren arabera, 2030erako energia berriztagarriak bultzatzeko helburuak zehaztu dituzte, energia berriztagarrien instalazioei kanon bat ordainaraziko zaie, eta Jaurkaritzak erregai fosilen desinbertsiorako plan bat gauzatu beharko du.

Ezkerretik eskuinera, Grajales (EAJ), Alonso (PSE-EE) eta Otero (EH Bildu), agerraldiaren ostean.
Ezkerretik eskuinera, Grajales (EAJ), Alonso (PSE-EE) eta Otero (EH Bildu), agerraldiaren ostean.
Eroso sentitzen dira akordioa lortu duten hiru taldeak Trantsizio Energetikoaren Legearen testuarekin

1:00

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ, PSE-EE eta EH Bildu taldeek akordioa lortu dute Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren lege proiektuaren inguruan. Hala, araua babes zabalarekin onartuko du Eusko Legebiltzarrak, otsailean (Jaurlaritza osatzen duten alderdiek gehiengo osoa dute ganberan, eta, berez, ziurtatuta zegoen onartzea).

Jaurlaritzak iazko maiatzean aurkeztu zuen lege proiektua, eta ekainean hasi ziren izapidetzen ganberan. Ezein taldek ez zuen osoko zuzenketarik aurkeztu. EH Bilduk 115 zuzenketa partzial aurkeztu zituen; Elkarrekin Podemos-IUk, 116; PPk, 50, eta Ciudadanosek, 9. Jaurlaritza osatzen duten taldeek, bestalde, 117 zuzenketa aurkeztu zituzten. Hain justu, gaur bildu da zuzenketak aztertzeko eta bozkatzeko lantaldea, behin betiko txostena adoste aldera. Testua urtarrilaren amaieran onartuko dute batzordean, eta datorren hilean, osoko bilkuran. 

Akordioa lortu duten hiru taldeek agerraldi bateratua egin dute itunaren nondik norakoak azaltzeko. Unai Grajales (EAJ), Mikel Otero (EH Bildu) eta Alberto Alonso (PSE-EE) legebiltzarkideek nabarmendu dutenez, adostutakoa "negoziazio prozesu luze baten eta azken asteotan intentsifikatu den lanaren ondorio" da, eta, finean, "lege on bat" erdietsi dute. 

Legebiltzarkide jeltzalearen hitzetan, "gai izan gara hauteskunde aurreko giroa gainditu eta begirada altxatzeko". Helburua izan da, Grajalesen aburuz, trantsizio energetikoa azkartzeko eta klima aldaketaren kontra aritzeko "politika markatzea datozen urte eta hamarkadetarako". 

Oterok (EH Bildu) azpimarratu duenez, lortutakoa "lege marko bat" izango da, eta arauak "gutxieneko oinarri komun bat jarriko du klima aldaketaren aurkako politikak azkartzeko". 

Ordezkari sozialistarentzat, bestalde, Jaurlaritzaren proiektuan "funtsezko hobekuntzak txertatu eta hobetu" dituzte, "lege on bat" egite aldera. Alonsoren hitzetan, "gaurkoa egun garrantzitsua da gizartearentzat eta Legebiltzarrarentzat", larrialdi klimatikoaren testuinguruan araua "oso beharrezkoa" delako eta "gehiengo zabalarekin" onartuko dutelako. 

Adostutako neurriak

Legeari egindako zuzenketek hiru ardatz dituztela zehaztu dute: 2030erako helburuak jasotzea, gobernantza markoa ezartzea, eta finantzazioaren alorreko neurriak adostea. 

Lehenengo horiei dagokienez, helburu zehatzak jaso dira isurien murrizketa eta energia berriztagarrien sarbideari dagokienez. Hala, 2030erako EAEn ekoizten den energia guztiaren % 32 berriztagarrien bidez ekoitzi beharko da. 

Bestalde, Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa eta batzorde zientifiko bat sortzea hitzartu dute. 

Halaber, EAEn energia berriztagarrien instalazioak jartzen dituzten enpresek kanon bat ordaindu beharko dute inguruan egindako kaltea konpentsatzeko. Bildutako dirua kaltetutako herri eta eskualdeetara bideratuko dute. 

Kanona 5 megawatt baino gehiagoko instalazioei ordainaraziko diete 2025etik aurrera. Ordaindu beharrekoa erabilitako energia iturriaren araberakoa izango da. Hala, eguzki energiaren kasuan, instalazioak hartutako hektarea kopuruaren arabera kalkulatuko da (700 euro hektareako). Eolikoei dagokienez, potentzia eta aerosorgailu kopuruaren arabera ordainduko dute (3.000-5.000 euro haize-errota bakoitzeko).

Enpresa horiek ekoitzitako energiaren % 20 (gutxienez) herritarrei eskaini beharko diete, halabeharrez. 

Gainera, Eusko Jaurlaritzak baliabide fosilen desinbertsiorako bide orri bat zehaztu eta gauzatu beharko du 2030erako. Bestela esanda, Energiaren Euskal Erakundeak hidrokarburo eta erregai fosiletan dituen inbertsio publikoak alde batera utzi beharko ditu, energia berdeen mesedetan. 

Azkenik, aurrekontuen % 2,5 ekintza klimatikora bideratu beharko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak Energia iturriak gaur