Politika -

Hauteskundeak

Lehendakariak apirilaren 21erako deitu ditu EAEko hauteskundeak

Hauteskundeak deitzeko dekretua asteartean argitaratuko da. Behin Eusko Legebiltzarra deseginda, abian jarriko da bozetarako atzera kontaketa.

Iñigo Urkullu lehendakaria, hauteskundeen data iragartzeko agerraldian. EITBren bideo bateko irudia
Iñigo Urkullu lehendakaria, hauteskundeen data iragartzeko agerraldian.
Lehendakariak apirilaren 21erako deitu ditu EAEko hauteskundeak

1:03

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 21ean izango dira, Iñigo Urkullu lehendakariak Lehendakaritzan egindako agerraldi batean iragarri duenez. Ezohiko Gobernu bileran sailburuei dataren berri eman die lehendakariak.

Iragarpena espekulazio ugariren ondotik egin du Urkulluk, eta hain justu, data hori zen denon ahotan zegoena. 

Behin iragarrita, hauteskundeak deitzeko dekretua datorren asteartean, hilaren 27an, argitaratuko da EAEko Aldizkari Ofizialean (EHAA). Orduan desegingo da Eusko Legebiltzarra, eta abian jarriko da bozetarako atzera kontaketa. Legeak ezarritakoari jarraiki, iragarpena kaleratu eta 54 egunen buruan izango da hautestontziekin hitzordua.  Hauteskunde kanpaina, berriz, apirilaren 5ean hasiko da.

Lehendakari karguan ia 12 urte eman ditu Urkulluk, 2012ko abenduaren 15etik, eta apirilaren 21eko hauteskundeetan ez da hautagaia izango. "Ez nuke sekula imajinatuko horrelako ohorea izatea", aitortu du.

Bukatzeko zorian dagoen legealdiaren errepasoa
Bukatzeko zorian dagoen legealdiaren errepasoa
Bukatzeko zorian dagoen legealdiaren errepasoa

2:51

Agur kutsua izan duen hitzaldian, euskal gizarteari bere aitortza eta esker ona adierazi dio. "Ez ditugu urte errazak bizi. Krisiak bata bestearen atzean pilatu zaizkigu etxeko atean, ondorio zuzen eta oso larriekin, gainera", gehitu du. Hala ere, denbora horretan, lehendakariak esan duenez, euskal gizarteak Eusko Jaurlaritzan duen konfiantza mantendu du.

Pozik agertu da lehendakaria bere legegintzaldietan zehar lortutako emaitzekin, eta balorazio positiboa egin du.

Jaurlaritzaren buruak azaldu duenez, langabezia tasa murriztea "lan zaila da, are gehiago krisi eta gerren testuinguruan. Lorpen kolektibo handia izan da". Zentzu horretan, Urkulluk nabarmendu du 2013ko abenduan 875.161 pertsonak egiten zutela lan Euskadin, eta joan den urtearen amaieran 1.012.947 zirela.

"Krisi eta gerra oso larri, berri eta globalen kateaketa bizi izan dugu", esan du, baina "egoera honetatik indartsu atera gara".

Agerraldian gogorarazi duenez, helburutzat "akordioa bilatzea" jarri zuen lehendabiziko aldiz kargua hartu zuen egunean, Gernika-Lumon, eta helburu hori bera azpimarratu du hiru legealdien balorazioan: "121 lege onartu ditugu, eta % 85an" oposizioko alderdiren batekin izan da.

Bere Exekutiboaren lorpenen artean, autogobernuan eta bizi kalitatean "aurrera egitea" azpimarratu du Urkulluk. "Euskadi Basque Country munduan hobeto kokatu dugu. Izena eta izana dugu mundu zabalean", gehitu du.

Urkullu: ''Eskumen batzuk gauzatzeko giroa eta aukera badaukagu oraindik''
Urkullu: ''Eskumen batzuk gauzatzeko giroa eta aukera badaukagu oraindik''
Urkullu: ''Eskumen batzuk gauzatzeko giroa eta aukera badaukagu oraindik''

0:22

Zaldibarko zabortegian hil ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak, pandemian zendutakoak eta indarkeria matxistaren biktimak ere gogoan izan ditu lehendakariak.

ETAk behin betiko jarduera armatua utzi eta bi hilabetera hartu zuen kargua Urkulluk, eta bere gaurko hitzaldian "terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiak" gogoratu ditu. "Euskadin bakean bizi gara. Atzean utzi dugu terrorismoaren eta indarkeriaren amesgaiztoa. ETA gure bizitzetatik desagertu da betiko", esan du.

Hala ere, Urkulluk gehitu du oraindik asko geratzen dela "gure herrian gorrotoa eta indarkeria berriro ez sortzea" ziurtatuta gera dadin.

Hitzaldiaren bukaeran, bere akatsengatik barkamena eskatzeko tarte laburra izan du. "Gaur ez da ezer amaitzen. Azken egunera arte jarraituko dugu dugun hoberena ematen", gehitu du.

Urkullu: ''Ez nago EAJtik urrun, eta ez dut uste alderdia nigandik urrun dagoenik''
Urkullu: ''Ez nago EAJtik urrun, eta ez dut uste alderdia nigandik urrun dagoenik''
Urkullu: ''Ez nago EAJtik urrun, eta ez dut uste alderdia nigandik urrun dagoenik''

1:54
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak