Politika -

Amnistia legea

Zigor Kodea barik, EBko araudia aplikatuko du Amnistia Legeak terrorismo delituen kasuan

PSOEk, ERCk eta Juntsek adostu duten erdibideko zuzenketaren arabera, "benetako mehatxu" izan ziren ekintzak joko dira traizio gisa, eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea "aberasteko asmoa" egon zenean.

Legeak Puigdemont babestuko luke Tsunami Democratic auzian. EFE
Puigdemont, Europako Parlamentuan.
Legeak Puigdemont babestuko luke Tsunami Democratic auzian. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk, Juntsek eta ERCk adostu duten Amnistia Legeak mugatu egingo ditu Kataluniako prozesuan terrorismo delitu jo daitezkeenak, eta Zigor Kodea aplikatu beharrean, 2017ko Europako zuzentarauaren arabera zehaztuko dira. Hala, amnistiatik kanpo geratuko dira EBko araudian terrorismotzat jotakoak eta, era berean, "giza eskubideak larriki eta nahita urratu" zituzten ekintzak. 

Horixe da, hain justu, Kongresuko Justizia Batzordeak gaur onartu duen Amnistia Legearen irizpenaren gakoetako bat. Aurreko lege proposamenari hainbat aldaketa egitea adostu zuten hiru taldeek, eta horiei esker, okerrik ezean, onartuko dute behin betiko Amnistia Legea. 

Terrorismo delituari dagokionez, onartutako testuan Espainiako Zigor Kodearen erreferentzia oro kendu dute, eta gaineratu dute, horren ordez, Europar Batasunean ekintza terroristatzat jotzen direnak amnistiatik kanpo geratuko direla. Zehazki, barkamenetik kanpo geratuko dira Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 2. eta 3. artikuluan jasota dauden ekintzak —bizitzeko eskubideari dagozkionak, baita tortura debekatzekoari lotutakoak ere—. Moldaketa horren helburua da Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia babestea, Auzitegi Gorenak Tsunami Democratic auzian abiatutako ikerketaren aurrean (Gorenak terrorismoa egotzita auzipetu zuen Juntseko buruzagia). Izan ere, Espainiako Zigor Kodea Europako zuzentaraua baino zorrotzagoa da arlo horretan. 

Gainera, hitzartutako aldaketek traizioa, bidegabeko eralgitzea eta tortura delituak mugatzen dituzte, eta baldintza jakin batzuk betetzen badituzte bakarrik amnistiatuko dira.

Lehenengoari dagokionez, zehazten da amnistiatik kanpo geratuko direla traizio delituak, baldin eta "mehatxu eraginkor eta erreala egin bada edo indarra Espainiaren lurralde-osotasunaren edo independentzia politikoaren aurka benetan erabili bada". Kasu honetan, Nazio Batuen Gutunean (NBE) eta Batzar Nagusiak 1970ean onartutako 2625 ebazpenean ezarritako baldintzetara igorriko dira.

Dirua bidegabe erabiltzea "soilik" grazia-neurriaren bidez estaliko da, baldin eta Kataluniako prozesua finantzatu, ordaindu edo errazteko bada eta "aberasteko asmorik izan ez bada".

Kanpoan geratuko dira, halaber, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren arabera tortura delitutzat tipifikatutako egintzak, baina amnistiak estali egingo ditu "gutxieneko larritasun atalase bat gainditzen ez dutenean", ez direnean egokiak pertsona bat umiliatzeko edo degradatzeko, haren duintasuna kaltetzeko edo "beldurra, larritasuna edo gutxiagotasuna eragiteko erresistentzia morala eta fisikoa hausteko gai den modu batean".

Juntsek eskatuta, amnistiaren aplikazio-eremua bi hilabetez luzatuko da, 2011ko azaroaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra. Atzera botatako testua 2012ko urtarrilaren 1etik hasten zen.

Legeak ezartzen du ez dela kalte-ordainik egongo, eta dagoeneko ordaindutako isunak ere ez direla itzuliko, baina atea ireki zaio "Mozal Legea"ren esparruan ezarritako isunak itzultzeari. Eremu horretan, arau-hauste oso larriak ez diren kasuetan bakarrik aipatzen da bidea, baldin eta arau-hauste horiek ezarri zituen administrazioak uste badu "proportzionaltasun-irizpideak" daudela horretarako.

Azkenik, legearen hiru artikulu aldatu dira, baita hitzaurrea ere, argi uzteko epailetzari dagokiola "amnistiaren onuradun izateko irizpideak ezartzea" eta, beraz, amnistia jaso dezaketen pertsonak identifikatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Batasun europarra Espainiako Gobernua bideoak Eguneko albisteak Albisteak Puigdemont azken ordukoa Eskubide unibertsalak ERC Amnistia Legea