Politika -

Kongresuko Batzordea

"Eskumenak urratzen dituzten" Etxebizitza Legearen artikuluak kentzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

PPren ekimenak Vox, Junts eta EAJren babesa izan du Etxebizitza Batzordean, eta ERC abstenitu egin da; PSOEk, Sumarrek, Podemosek eta EH Bilduk, berriz, kontra bozkatu dute.

Etxebizitzen eraikuntza, Bilbon. Argazkia: EFE
Etxebizitzen eraikuntza, Bilbon. Argazkia: EFE
Etxebizitzen eraikuntza, Bilbon. Argazkia: EFE

EITB media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Kongresuko Etxebizitza eta Hiri Agendaren Batzordeak PPren legez besteko proposamen bat onartu du gaur, Espainiako Gobernuari Etxebizitza Legearen artikuluak erreformatzea edo indargabetzea eskatzeko, baldin eta "erkidegoen eskumen esklusiboak urratzen" badituzte.

Ekimenaren alde bozkatu dute PPk, Vox ultraeskuineko alderdiak, EAJk eta Juntsek, eta aurkako botoa eman dute PSOEk, Sumarrek, Podemosek eta EH Bilduk. Eta ERCk, aurreko legealdian arauaren bultzatzaile nagusietako bat izan zenak eta joan den udan Kataluniako Parlamentuan konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat aurkeztea babestu zuenak, oraingoan abstenitzea erabaki du.

PPren proposamenak Konstituzioaren 148. artikulua du oinarri; bertan ezartzen da erkidegoek hirigintza eta etxebizitza arloko eskumenak bereganatu ahal izango dituztela, eta, ondorioz, ez dagozkiola Estatuari.

Hala ere, dokumentuak dioenez, "Etxebizitza Legeak behin eta berriz urratzen ditu autonomiek gai horietan dituzten eskumen esklusiboak".

"Horrek guztiak ondorioztatzen du maiatzaren 24ko 12/2023 Legea Konstituzioaren aurkakoa dela, baina ez soilik erkidegoen eskumenak urratzeagatik, baita, adibidez, jabetza pribaturako eskubidea urratzeagatik ere", dio Kongresuak onartutako ekimenak.

Hala ere, legez besteko proposamen hori onartzearekin batera, Batzordeak atzera bota du alokairuak arautzeko mekanismoak Etxebizitza Legetik kentzeko PPren beste ekimen bat.

PPk eta Voxek proposamenaren alde bozkatu dute, eta PSOEk, Sumarrek, ERCk, EH Bilduk, EAJk, Juntsek eta Podemosek, berriz, kontra.

Hori bai, PPk hirugarren ekimen batek aurrera egitea lortu du, Espainian gazteek etxebizitza eskuratzeko erronkari aurre egiteko, EAJren abstentzioari eta Juntsen aldeko botoari esker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PNV-EAJ Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua Espainia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos bideoak Vox ERC Etxebizitza Sumar Mugimendua JxCat azken ordua Alderdi politikoak bideoak PP