Politika -

NAFARROA

UPNren Kontseilu Politikoak ez du onartu alderdiaren izena euskaraz ere jartzeko proposamena

UPNko bi afiliatuk estatutuetarako bi zuzenketa aurkeztu zituzten, alderdiaren izena euskaratzea eskatuz, baina ez bata ez bestea ez dira aurrera atera.

UPNren ekitaldi baten artxiboko irudia.
UPNren ekitaldi baten artxiboko irudia.
UPNren ekitaldi baten artxiboko irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPNren Kontseilu Politikoak bilera egin du gaur goizean Iruñean ponentzia estaturario, programatiko eta politikoei aurkeztutako zuzenketa partzialen inguruan eztabaidatzeko, eta bi militantek ekarpenak egiteko garaian aurkeztu zituzten euskararen inguruko bi zuzenketa atzera botatzea erabaki du.

Diario de Noticias de Navarra egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, erabakia bi arrazoirengatik hartu dute: batetik, ez delako ohikoa Nafarroako alderdi politikoek izena gaztelaniaz eta euskaraz izatea, eta, bestetik, Kontseilu Politikoak uste duelako izen berria ez litzatekeela euskararen aldeko politikan eraginkorra izango.

Proposamena

UPNko bi afiliatuk zuzenketa bana aurkeztu zioten estatutu proposamenari alderdiaren izena euskaratzeko. Alderdiak euskararekiko sentiberatasun handiagoa izan beharko lukeela esan zuten, boto sozialista eta euskaltzalea erakartzeko, baina arazo bat aurkitu zuten bidean: 'Union' hitza 'Batasuna' da euskaraz, eta alderdi erregionalistak hitz hori erabiliko ez lukeelakoan, alternatibak bilatzeari ekin zioten. Hala, Union del Pueblo Navarro (UPN) alderdiaren izena euskaraz Nafarroako Herriaren Batasuna (NHB) izan beharrean, Lizarrako afiliatu batek Nafar Herriaren Batzea proposatu zuen eta Andosillako beste afiliatu batek Elkarrekin Nafarroaren Herrikora eta Navarrako Herriarentzat Elkarrekin.

Ez da, baina, euskarazko izena jartzea ere onartu.

Kongresua, apirilaren 10etik 12ra

Apirilaren 10etik 12ra bitartean irekiko da UPNko zuzendaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea, eta proposamen bakarra dago oraingoz: Cristina Ibarrolak eta Alejandro Toquerok adostutako zerrenda.

Kongresua Iruña Park hotelean egingo da, apirilaren 28an. Zuzendaritza berria aukeratuko da, Batzorde Betearazlea, Kontseilu Politikoa eta beste organo batzuk berrituko dira, hala nola Berme Batzordea eta hauteskunde zerrendak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Iruñeko bideoak UPN Nafarroa Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak