cerrar buscador

Minbizia tratatzeko erradioterapia: onkologia erradioterapikoari buruzko informazioa | EITB Maratoia

EiTB MARATOIA

Informazioa

Minbizia

Minbizia zelulan metatuz doan alterazio multigenetiko bat da, eta, azkenean, zelularen ugalketa baldintzatzen du, eta ez du saihesten zelulak inguruko ehunak inbaditu eta hondatzea.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

"Minbizia" izendapenaren barruan, 200 gaixotasun baino gehiago aurkituko ditugu, besteak beste, hura sorrarazten duten kausen, pronostikoaren eta tratamenduaren arabera bereiz daitezkeenak. Gaixotasun horiek osasun eta gizarte-arloko lehen mailako arazoa dira.

Intzidentziaren igoera motela bada ere, etengabea da, funtsean, bi arrazoi nagusirengatik: herritarren bizi-itxaropenaren hazkuntzagatik eta bizi-estiloengatik.

Zer da minbizia?

Zelulan metatuz doan alterazio multigenetiko bat da, eta, azkenean, zelularen ugalketa baldintzatzen du, eta ez du saihesten zelulak inguruko ehunak inbaditu eta hondatzea, odol eta linfa-hodietan barrena ibiltzea eta sortu zen lekutik aparteko organoetan haztea. Horrez gain, tumore-zelula hauek berebiziko garrantzia duen beste ezaugarri bat daukate: heriotza zelularreko gaitasuna galtzen dute.

Hori dela-eta, hainbatetan, gaixoek izan ohi dituzten lehenengo sintomak urrutiko organoetan hazitako tumoreen ondorioz azaleratzen dira (metastasia), jatorrizko organoan izandako garapenaren sintomatologia detektatu gabe, sintomarik ez zegoelako zein sintomak lausoak zirelako.

Minbizia nolakoa den

Minbizia era askotan agertu daiteke (sintomatologia), gizabanakoaren eta askotariko faktoreen arabera. Aipatu faktoreen artean, hona hemen garrantzitsuena: minbizia zein organotan hazten den; izan ere, organo batzuetan sintomak azkar agertzen baitira, aho barrunbean, esaterako; eta beste batzuetan, ordea, berandu, obulutegian, adibidez.

Sintoma motak ere badu bere eragina; sintoma batzuei garrantzi gehiago ematen diegulako (minari, arnasteko zailtasunari edo odol-jarioei, adibidez) beste batzuei baino (eztula, nekea edo pisua nahi gabe galtzea).

Orobat, tumorearen kokaleku guztiek ez dute pronostiko bera; garapen-fase berean egonda (tumore kopuru bera izanda), biziraupen eta sendatze-tasa altuak eta oso baxuak dituzten tumoreak baitaude.

Egoera kliniko bakoitzerako pronostikoa egiteko, tumoreak garapen-faseetan sailkatzen dira, Ietik IVra, txikienetik handienera, tumorearen kalte-mailaren arabera. Sailkapen horrek, gainera, tratamenduaren preskripzioa egiteko ere balio du.

Garrantzia berezia dute, halaber, erantzun-faktore prediktiboek, zeintzuen bidez jakin baitaiteke zein gaixo-taldek erantzungo dion (ala ez) tratamendu jakin bati; izan ere, etengabe garatzen ari diren banan banako tratamenduak dira gaur egungo onkologia-arloko ikerketaren oinarria.

Minbiziaren kausak eta prebentzioa

Minbizia mota guztiak ezin dira prebenitu, minbizia askoren kausa zein den ez baitago argi. Aldiz, beste zenbait kasutan, hala nola birikako minbizia eta erretzeko ohitura, kausa eta efektuaren arteko harremana duela hainbat hamarkada probatuta dago.

Argi dago, beraz, herritarren osasun-arloko hezkuntza funtsezkoa dela.

Etorkizuneko aukera eta erronkak

Minbizidun gaixoen biziraupen-maila handitzen duten urratsak ematen direnez, osatu diren pazienteen kopuruak ere gora egiten du. Bestalde, duela hamarkada bat baino gehiago, minbiziaren tratamenduan aldaketa handiak gertatzen ari dira. Giza genomaren sekuentzia da guztiaren abiaburua. Hortik eratortzen da ikerketa-lana eta ondorioz gertatu den zenbait generen eta gene horiek kodifikatzen dituzten proteinen eginkizunaren aurkikuntza. Horri guztiari esker, gaur egun dagoeneko aurreikusi dezakegun tratamenduen garapen esponentziala gertatzen hasi da.

Minbiziak Euskadin daukan intzidentziari buruzko datuak

Tumoreak dira EAEko herritarren heriotzaren lehenengo kausa. Heriotza guztien % 30aren atzean daude, eta tasa gordina 100.000 kasutik 281ekoa da. Bigarren lekuan zirkulazio-sistemako gaixotasunak daude, % 28arekin eta 262ko tasarekin. Jarraian, arnasketa-sistemako gaixotasunak daude, % 9arekin eta 100.000 biztanleko 88ko tasarekin.

Hortaz, minbizia da 45 eta 75 urte bitarteko pertsonen heriotzen kausarik ohikoena. Emakumeen kasuan ere heriotzen lehenengo kausa da 30 eta 44 urte bitartekoen adin-taldean

EAEn, gutxi gorabehera 11.500 minbizi kasu berri diagnostikatzen dira urtero. Horietako 7.000 gizonezkoenak dira (% 58) eta 4.500 emakumezkoenak (% 42). Lurraldeei begiratuta, Araban 1.550 kasu izaten dira urtean, 3.600 Gipuzkoan eta 6.350 Bizkaian.

Gizonen artean, ondoko hauek dira minbiziaren kokalekurik ohikoenak:

- Prostata; 1.470 kasu, sexu horretan ematen diren tumoreen % 21.

- Birika; 1.200 kasu (% 15).

- Kolona-ondestea; 1.010 (% 15).

Emakumeen artean, aldiz, beste hauek dira kokapen nagusiak:

- Bularra; 1.175 kasu, sexu horretan ematen diren tumoreen % 26.

- Kolona-ondestea; 615 kasu (% 13), eta uteroan 350 (% 8).

EAEn, XXI. mendeko lehen hamarkada honetan, gizonen % 50ak eta emakumeen % 60ak bizirauten dute minbizia detektatu eta ondorengo 5 urteetan, gaixoaren bizilekua eta adina edozein dela ere. Hortaz, XX. mende amaierako biziraupen datuekin alderatuta, egoerak hobera egin du nabarmen; garai hartan, gizonen % 40ak eta emakumeen % 48ak soilik gainditzen baitzuten minbizia.

Bizirauten dutenen kopurua handitzearen arrazoiak asko dira; besteak beste, biztanleen osasun-hezkuntza, zenbait tumoretarako galbahetze-kanpainak, prebentzio-neurriak eta diagnostikoan eta tratamenduan egin diren aurrerakuntzak.

  • EGIN EKARPENA Online edo Kutxabank-en: 2095 0611 00 9109513824 EGIN EKARPENA
    • Top Maratoia

    Gehiago ikusi