cerrar buscador

EITB Taldearen egoitzan izandako bisita gidatuen multzoen argazki galeriak

Izan EiTB

11:48

Izan EiTB

Zeu Zara EiTB Irun

Zeu Zara EiTB sarien hurrengo edizioa Irunen izango da

A.E. | EiTB

Irunen garapenaren alde lanean ahalegindu diren herritarrak sarituko ditu martxoaren 8an izango den ekitaldian Ficoba.

1:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Euskal Irrati Telebistak Zeu Zara EiTB ekimenaren hirugarren ekinaldia jarri du abian, Irun protagonista hartuta. Euskal herri nabarmenetan ekarpena egin duten pertsona, elkarte eta asmoak saritzea du helburu. Herri bakoitzean, lehendabizi, komunikazio eta informazio kanpaina bat egingo du EiTBk, eta, ondoren, egitasmoari amaiera emateko, Zeu Zara EiTB sariak banatuko ditu.

Egitasmoa Irungo Ficoban aurkeztu dute ostegun honetan, eta hauek egon dira prentsaurrekoan: Joan Antonio Santano Irungo alkatea eta Ander Sarratea Ficobako zuzendari-gerentea, ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera babestu duten bi erakundeetako ordezkariak, eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia.

Gizartearengandik hurbilago egoteko sortu zuen komunikazio taldeak Zeu Zara EiTB ekimena joan zen urtean. Lehenengo eta bigarren saioak Barakaldon eta Gasteizen egin ziren, eta eta herritarren artean oso harrera ona izan zuen. Irunen egin eta gero, datozen hilabeteetan, beste zenbait euskal herri esanguratsu izango dituzte protagonista, Getxo eta Iruñea, esate baterako. Jarraipen zabala egingo zaie guztiei, telebista, irrati eta internet bidez.

"Irungo alkate naizen aldetik, atsegin handiz hartzen ditugu horrelako ekitaldiak", azaldu du Jose Antonio Santano alkateak. "Gure hiriak kirolean, kulturan eta gizartean duen jardun aberatsak hautagaietan du isla. Sariok aukera aparta izango dira Euskadik gure hiria eta protagonistak ezagutu ditzan".

Maite Iturbe EiTBren zuzendariaren esanetan, "elkartasunaren, enpresaren, merkataritzaren eta ingurumenaren alorretan, eta herri bakoitzak aurrera egiteko garrantzitsuak diren ekimenetan" elkarte, enpresa, erakunde eta norbanakoen lana aitortu nahi da Zeu Zara EiTB sarien bitartez.

EiTBk Irun zergatik aukeratu duen azaltzerakoan, honakoa erantsi du Iturbek: "Irun oso hiri indartsua da, Gipuzkoako hiriburuaren ondoren biztanle gehien dituena. Ardatz estrategikoa da bere kokapenarengatik, eta gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren aldetik oso bizia. Beti ekiteko eta aurrera begiratzeko prest dagoen herri irekia dugu Irun. Erakunde eta elkarte garrantzitsuak ditu eta hainbat alorretako pertsona ezagunen jaioterria da".

Ander Sarratea Ficobako zuzendari-gerenteak ere babestu nahi izan du Zeu Zara EiTB Irun ekimena. "Atsegin handiz hartu dugu EiTBk Zeu Zara EiTB sariak egiteko Ficoba aukeratu izana", esan du. "Arlo ezberdinetan euren jardunarengatik nabarmendu diren erakunde eta lagunak gurean hartzeko aukera paregabea dugu, eta, bide batez, gure onespena eskaintzeko. Gizartearen parte gara, baina herritarrengana gehiago hurbildu behar dugu, eta, EiTBk duen hedatzeko gaitasunak gure proiektua Euskadiko bazter guztietara zabaltzeko aukera ematen digu".

Sariak sei sailetan banatu dira, eta bost hautagai aukeratu dituzte atal bakoitzean, Dendarik Onena atalean izan ezik. Sail honetan botoa ematen parte hartzen duenari bere proposamena egitea eskatuko zaio.

1.- Zeu Zara Solidarioa

2.- Zeu Zara Gure Enpresa

3.- Zeu Zara Dendarik Onena

4.- Zeu Zara Gure Kutuna

5.- Zeu Zara Ingurumenaren Laguna

6.- Zeu Zara Gure Enbaxadorea

'Zeu Zara Solidarioa' saria herritarrei zuzenduta dago, eta elkarteek egindako elkartasun ekintzak sarituko ditu. Hauek dira hautagaiak: Behar Bidasoa GKE, Ezezagunak Antzerki Taldea, Afagi, Aurreratu Elkartea eta Nagusilan.

'Zeu Zara Gure Enpresa' sariarekin herriaren memoria kolektiboan dagoen enpresa baten lana nabarmenduko da. Gaur egun eredu eta ikur den enpresa sarituko du, hiriarentzat duen esanahiarengatik eta garai berriei egokitzeko izan duen gaitasunarengatik. Hauek hautatu dituzte: Bidassoa Basque Brewery, Pasquier-Recondo, Decoexa, Jart Skateboards eta Uvesco.

'Zeu Zara Dendarik Onena' sariak betiko denda edo jatetxe baten lana sarituko du, denboran zehar oztopoei eta arazoei aurre egiten jakin duen saltoki edo ostalaritza-lokal bat. Sail honetan herritarrek proposatuko dute hautagai bat.

'Zeu Zara Gure Kutuna' sariak herritar bat nabarmenduko du, bere ibilbide pertsonal edo profesionalarengatik onespen publikoa merezi duelako. Proposatutako izenak hauek dira: Asun Casasola, Nagore Laffageren ama; Agustin Ugarte, Behar Bidasoaren presidentea; Jose Luis Azkue, Luis Marianoren piano-jotzailea; Ricardo Arregi, zirujaua, eta Julen Aginagalde, eskubaloi jokalaria.

'Zeu Zara Ingurumenaren Laguna' sariak ingurumenaren, klima aldaketaren eta biodibertsitatearen zaintzaren errespetua islatuko du. Jendartea arduratzen duten gai horietan, datozen belaunaldiei mundu hobea uzteko lanean diharduten pertsona, elkarte edo enpresa bat sarituko du. Hauetako bat hautatu beharko dute bozketa bidez: Plaiaundi Parke Ekologikoa, Bioterra, Lurriturriko Informazio Gunea, Uhinak eta Toki Alai institutua.

Azkenik, 'Zeu Zara Gure Enbaxadorea' sariak kulturan, ikerkuntzan edo kirolean Irun gure mugetatik at ezagunagoa izan dadin ahalegintzen den laguna edo erakundea goraipatuko du. Real Union Kluba, Bidasoa Kirol Elkartea, Santiagotarrak, Leontxo Garcia eta Lourdes Maldonado izango dira hautagaiak.

Hautagaien aldeko botoa www.eitb.eusen bitartez eman ahal izango dute herritarrek. Bozkatuenak martxoaren 8an jasoko du saria, Irungo Ficoban, 19:30ean hasiko den ekitaldian.

Jaialdia Julian Iantzi eta June Ansoleaga aurkezleek gidatuko dute, eta "Go!azen"eko kideek ere hartuko dute parte bertan. Gonbidapenak Irungo Turismo Bulegoan banatuko dira.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.