cerrar buscador

Zeu Zara EITB sariak. Gogokoenak bozkatu! | Zeu zara EITB

ZEU ZARA EITB

13:30

ZEU ZARA EITB

Zeu Zara EiTB

EiTBk Zeu Zara EiTB Gasteiz sariak jarri ditu martxan

EITB

Euskal Irrati Telebistak Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia ditu bidelagun ekimen honetan.

  • Zeu zara EiTB Vitoria-Gasteiz, aurkezpena. Argazkia; EiTB

    Zeu zara EiTB Vitoria-Gasteiz, aurkezpena. Argazkia; EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Euskal Irrati Telebistak Zeu Zara EiTB ekimenaren bigarren ekinaldia jarri du abian, Gasteiz eta, oro har, Araba osoa protagonista hartuta. Euskal herri nabarmenetan ekarpena egin duten pertsona, elkarte eta asmoak saritzea da helburua. Herri bakoitzean, lehendabizi, komunikazio eta informazio kanpaina bat egingo du EiTBk. Ondoren, egitasmoari amaiera emateko, Zeu Zara EiTB sariak banatuko ditu.

Egitasmoa Gasteizen aurkeztu dute ostiral honetan. Babesleen izenean, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Igone Martinez de Luna Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak hartu dute parte; Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak, berriz, proiektuaren bultzatzaile gisa.

Gizartearengandik hurbilago egoteko sortu zuen komunikazio taldeak Zeu Zara EiTB uztailean. Lehen saioa Barakaldon egin zen, eta primeran hartu zuten bertako herritarrek. Bigarren ekinaldia, hain zuzen ere, Arabako hiriburuan izango da, eta datozen hilabeteetan EAEko beste herri esanguratsu batzuk izango dituzte protagonista. Guztiei telebista, irrati eta internet bidez jarraipen zabala egingo zaie.

"Herri bakoitzeko historia, idiosinkrasia, jaiak eta ekitaldiak izango ditugu kontuan", adierazi du EiTBren zuzendari nagusiak. "Halaber, herritar ezagun eta ospetsuenak elkarrizketatuko ditugu, eta kalera irtengo gara kultur eta kirol elkarteei ahotsa ematera, euren etorkizuneko eta estrategia asmoen berri izateko".

"EiTBk gasteiztarrak eta funtsean gizarte arabarra ditu jomuga Zeu Zara EiTBren bigarren saio honetan –esan du Maite Iturbek–, oso gizarte bizia delako, kezkei erantzuna bilatzen diena, izaera berezi eta nabarmenekoa, eta gizarte eta ekonomia arloan bultzada handikoa. Horrez gainera, bizitzaren esparru askotan gailendu diren lagun askoren jaioterria ere bada".

Era berean, Gorka Urtaran alkateak Gasteiz Zeu Zara EiTB asmoa aurrera ateratzeko aukeratu izana eskertu dio EiTBri. "Hain zuzen ere, bai gure hirian eta baita gure lurraldean ere, talde eta lagun askok merezi du onespena. Euren lanarekin gure gizartea hobetzen saiatzen dira. Orain arabarrek botoa eman eta omenaldi publikoa merezi duten guztiak goraipatzeko aukera dute. Udalak kanpaina honetan parte hartu nahi du, harro sentiarazten gaituzten era guztietako elkarte eta lagunen ahalegina azpimarratzeko eta azaleratzeko. Euren lanari esker, gizarte moderno eta dinamiko gisa hazten ari gara".

Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak txalotu egin du ekimena. "Ohikoa da jendeak gure lurraldeak ia alor guztietan agertzen dituen indarguneak ez ezagutzea, eta azkenaldi honetan, Arabako Foru Aldunditik hauek ezagutzera eman nahian gabiltza. Hartara, Zeu Zara-ren gisako asmoak guztiz egokiak dira".

Hurbiltasun kanpaina honetako jardunaldi bakoitzak zabalkunde handia izango du hirian. Hedapena, komunikazio eta entretenimendu egitasmoen bidez egingo da. Amaitzeko, ekitaldi handi bat ospatuko da, sariak banatzeko jaialdia.

"Zeu Zara EiTB sariekin, elkarte, enpresa, erakunde eta norbanakoen lana aitortu nahi dugu, elkartasunaren, enpresaren, merkataritzaren eta ingurumenaren alorretan, eta herri bakoitzak aurrera egiteko garrantzitsuak diren ekimenetan", esan du EiTBko zuzendari nagusiak.

Sariak sei sailetan banatu dira, eta bost hautagai ditu bakoitzak, Dendarik Onenaren kasuan izan ezik. Sail horretan botoa emanez parte hartzen duenari bere proposamena egiteko eskatuko zaio.

1.- Zeu Zara Solidarioa

2.- Zeu Zara Gure Enpresa

3.- Zeu Zara Dendarik Onena

4.- Zeu Zara Gure Kutuna

5.- Zeu Zara Ingurumenaren Laguna

6.- Zeu Zara Gure Enbaxadorea.

'Zeu Zara Solidarioa' saria herritarrei zuzenduta egongo da, eta elkarteek egindako elkartasun ekintzak sarituko ditu. Hauek dira hautagaiak: Clara Campoamor elkartea, Arabako Elikagai Bankua, Boilur Arabako Elkarte Gastronomikoen Federazioa, Antzina eta Programa Berakah.

'Zeu Zara Gure Enpresa' sariarekin herriaren memoria kolektiboan dagoen enpresa baten lana nabarmenduko da. Gaur egun eredu eta ikur den enpresa sarituko dute, hiriarentzat duen esanahiarengatik eta garai berriei egokitzeko izan duen gaitasunarengatik. Sail honetan, Michelin, Fournier, EGA Master, La Brasileña Kafeak eta Artepan izango ditugu.

'Zeu Zara Dendarik Onena' sariak betiko denda edo jatetxe baten lana gailenduko du, denboran zehar oztopoei eta arazoei aurre egiten jakin duen saltoki edo ostalaritza-lokal bat. Sail honetan herritarrek proposatuko dute hautagai bat.

'Zeu Zara Gure Kutuna' sariak herritar bat nabarmenduko du, bere ibilbide pertsonal edo profesionalarengatik onespen publikoa merezi duelako. Proposatutako izenak Eli Pinedo, Joseba Beloki, Toti Martinez de Lezea, Manu Garcia eta Juan Ignacio Lasagabaster dira.

'Zeu Zara Ingurumenaren Laguna' sariak ingurumenaren, klima aldaketaren eta biodibertsitatearen zaintzaren errespetua islatu nahi du. Jendartea arduratzen duten gai horietan, datozen belaunaldiei mundu hobea uzteko lanean diharduten pertsona, elkarte edo enpresa sarituko du. Honako hauen artean hautatu beharko dute: Santa Katalina lorategi botanikoa, Manuel Iradier Txangolari Elkartea, SOS Vitoria Animalien Babeserako Elkartea, Arabako patata merkaturatzen duen Udapa kooperatiba eta Arabako Natur Institutua.

Azkenik, 'Zeu Zara Gure Enbaxadorea' sariak kulturan, ikerkuntzan edo kirolean Gasteiz eta Araba gure mugetatik at ezagunagoa izan dadin ahalegintzen den laguna edo erakundea goraipatuko du. Hautagaiak Inma Shara, FesTVal jaialdia, Juanito Zelaia, Eduardo Anitua eta Alberto Zerain izango dira.

Hautagaien aldeko botoa www.eitb.eus-en bitartez eman ahal izango dute herritarrek. Bozkatuenak urriaren 26an jasoko du saria, Europa Erakusketa eta Biltzar Jauregian, 19:30ean hasiko den ekitaldian.

Jaialdia Estibaliz Ruiz de Azua eta Ismael Diaz de Mendibil EiTBko kazetariek aurkeztuko dute, eta Asier Hormaza aktoreak eta Travellin' Brothers blues taldeak parte hartuko dute. Gonbidapenak webgunearen bidez lor daitezke.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.