Itxi

Bilbao Basket

Barneko jokalaria da

RETAbet Bilbao Basketek Devin Thomas estatubatuarra fitxatu du

Agentziak | eitb.eus

Thomasek denboraldia bukatu arte jokatuko du Bilboko taldean.

  • Deevin Thomas. Argazkia: Bilbao Basket

    Deevin Thomas. Argazkia: Bilbao Basket

RETAbet Bilbao Basket taldeak Devin Thomas 2,04 metroko eta 23 urteko jokalari estatubatuarra fitxatu du. Thomasek denboraldia bukatu arte jokatuko du Bilboko taldean. Jokalari "oso bizia" dela eta "erreboteak jasotzeko sen handia" duela nabarmendu du Bilboko taldeko kirol zuzendaritzak.

Devin Thomas Wake Forest unibertsitatean hezi zen (2012-2016), eta erreboteak jasotzeko gaitasunagatik eta lehiatzeko grinagatik egin zen ospetsu. Senior urtean, batez beste 15,6 puntu eta 10,2 errebote lortu zituen partidako.

2016an ez zen NBAn jokatzeko hautagaien zerrendan sartu, baina Minnesota Timberwolves taldeak Las Vegasko udako ligan jokatzera gonbidatu zuen. Jokatu zituen sei partidetan, 4,5 puntuko eta 6 erreboteko batezbestekoak izan zituen.

Europan aritu zen aurreko denboraldian, Turkiako TED Ankara taldean, batez beste, 11,4 puntu, 7,7 errebote eta 3 asistentzia lortuz partidako. Ligako bost erreboteatzaile onenen artean egon zen, eta sei partidatan hamar puntu eta hamar errebote baino gehiago lortu zituen.

"Devin Thomas barneko jokalaria da, ez oso altua, baina bai oso bizia eta erreboteak jasotzeko sen handiarekin (Pinar Karsiyakaren aurkako partidan 18 errebote jaso zituen). Jokalari ezkerra da, zonan ongi mugitzen da eta definitzeko gaitasuna eta bizkarrez jokatzeko baliabideak ditu. Ondo egiten du korrika, badaki baloia eskuetan izaten eta oso ongi pasatzen du (aurreko denboraldian 9 asistentzia ematera iritsi zen). Bere bizitasunak eta gaztetasunak taldeari energia ematea espero dugu", esan du Bilboko taldearen kirol zuzendaritzak.