Musika
Zikloa
'Musika gela', hezkuntza musikala EOSren eskutik
Erredakzioa
80eko hamarkadan ikasleentzat egiten zituzten kontzertuak berreskuratuko dituzte ziklo berri honetan.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ''Aula de música-Musika Gela'' izeneko zikloa jarri du martxan. Bere hezkuntza jarduerak bildu nahi dituzte eta horrela, 80eko hamarkadan ikasleentzat egiten zituzten kontzertuak berreskuratuko dituzte.
Donostian eta Gasteizen, familian gozatzeko kontzertuak egingo dituzte, baita EOSren egoitzara egiten dituzten bisita gidatuak ere, eta baita eskolatan egiten dituzten tailerrak ere. Umeekin 17 topaketa izango direla aurreratu dute.
Mikel Cañada Orkestraren Hezkuntza Saileko zuzendariak Blanca Urgell Kultura sailburuarekin aurkeztu du prestatu duten jarduera zikloa. Haiekin Iñigo Alberdi EOSko zuzendaria izan da.
Urtarrilaren 30ean hasiko dira, Gasteizko Antzoki Zaharrean. ''De aire, tubos y tubas'' izenekoa izango da urteko lehen familia-kontzertua. Donostian izan zen ikuskizun hau azaroaren 14an eta tubarekin gozatzeko aukera izango da.
Sailburuak EOSk egiten duen dibulgazio lan "bikaina" goraipatu du, eta bere "zerbitzu publikoaren" lana "gehiago nabarmentzen" laguntzen du.