Reala
Talde handien ezaugarria
Aranburu (Reala): "Aukerak sortzeko erraztasuna dugu"
Ander Altuna
Zubieta
Baloiaren jabe egiten direnean "lasaitasuna" falta zaiela iritzi dio kapitainak eta Claudio Bravo loratu du.
Horretaz gain, Claudio Bravok Radio Euskadin esandakoei buruz galdegin zaio. Txiletarrarentzat, jarraitzaileek etxekoekiko duten begirunea ez omen dute kanpotarrekiko. Aranburuk belarriak goxatu dizkio. "Talde bat garelako doaz gauzak ongi, nahiz eta batzuk besteek baino laudorio gehiago jaso. Gu oso gustora gaude berarekin eta gutaz aparte ikusleek ere baloratzen dute. Onenetarikoa da". Bravok ez du onik izan mingaina askatu duen arte, baina batzuetan hobe izaten da gordean uztea bere salaketak ez duelako ez hanka eta ez buru. Anoetako jarraitzaileak berebiziko estimutan izan ditu atzerritarrak, merezi baino gehiago asko eta askoren kasuan eta etxekoek adina txistu ez dute sekula entzun, Zubieta-kumeari gehiago exigitu ohi zaiolako. Gainera, jarraitzaileen gehiengoak ezin du sinetsi nola Bravo bezalako goi mailako atezain batek bigarren mailan tokia duen txapeldunen liga lehiatzen ari den beste edozein taldetan izan beharrean.
Entrenamenduari dagokionez, Xabi Prietok orkatila bihurritu du taldera bueltatu den egun berean. Froga gehiago egingo dizkiote diagnostiakoa eman baino lehen. Nsuek eta Labakak beren kasara dihardute.
Azkenik, hilaren 30ean jokatuko du Realak Las Palmasen kontra Anoetan arratsaldeko seiretatik aurrera.