Athletic Club
Larunbatean 22:00etan
Deportivo-Athletic: Talde sendoen arteko lehia
Haritz Gallastegi
Lezama
Garaipena izango dute helburu zuri-gorriek aurkari zuzen baten kontra. Iturraspe eta Gabilondo dira deialdiko nobedadeak.
"Joan den larunbateko neurketa historia da. Aldatu egin behar dugu txipa. Ahaztuta dago". Caparrosen adierazpenak dira. Aste guztian zehar zurien kontrako garaipena izan da notizia nagusia Bilbon. Baina neurketa hori iraganeko kontua dela jakin behar dute zuri-gorriek. Futbolean etorkizunak baino ez du balio. Eta aurrera begira, Riazorreko partida da Athleticek epe laburrean duen erronka nagusia. Europarako txartela eskuratu gura duten talde bi egongo dira aurrez-aurre.
Antzeko ezagurriak erakutsita kokatu dira onenen artean Deportivo eta Athletic. "Deportivo oso sasoi ona egiten ari da. Etxean oso indartsu agertu da. Oso gol gutxi jasotzen dituen taldea da", esan zuen Caparrosek.
Utrerako entrenatzailea Athleticen ardura hartu aurretik zuzendu zuen taldearen kontra lehiatuko da. A Coruñan ez zuen ahozapore gozoa utzi. Hala ere, beretzat neurketa berezia izango da. "Lan egin duzun talde baten kontra lehiatzeak ez dauka zeriksurik bestelako neurketekin".
Hasiera batean defentsako lanean asmatzen duenak irabaziko du neurketa. Horrenbestez, Gurpegiren hutsunea faltan botako du Athleticek. Okerrik ezean Susaeta arituko da Andosillakoaren postuan. Bestalde, Iturraspe eta Gabilondo dira deialdiko nobedade nagusiak. Aipatu Gurpegi eta Etxeberria dira zerrendatik kanpo geratu direnak.
Riazor
22:00
Estrada Fernandez
Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Koikili; Susaeta, Javi Martinez, Orbaiz, Yeste; Toquero eta Llorente.