Osasuna
Final-laurdenak (itzulerakoa)
Osasuna-Racing, (0-3): Agur Errege Kopari
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Xiscok eta Henriquek lehen zatian lortutako golek erabakita utzi dute norgehiagoka. Colltorti atezainak partida bikaina jokatu du.
Osasunak ezin izan zion Errege Kopako final-laurdenetako joaneko partidatik zekarren 2-1ekoari buelta eman itzulerako partidan eta txapelketatik at geratu da. Gainera, gorritxoek 0-3 galdu zuten Reyno de Navarran jokatu zen itzulerako partidan.
Norgehiagoka gaizki hasi zen Osasunarentzat. Seigarren minutuan Xisco Sergioren hutsaz baliatu zen eta Roberto gainditu ondoren 0-1ekoa sartu zuen. Ia jarraian, 9. minutuan Sergiok banakoa lortzeko aukera izan zuen, baina bere burukada langa urratuz kanpora joan zen.
Racingen golaren ondoren parekatu egin zen partida, baina 23. minutuan Henriquek sare barrura bidali zuen baloia Canalesek bikain ateratako kornerraren ondoren. 0-2koa zen kantabriarrentzat. Osasuna ez zen 35. minutura arte esnatu. Orduan aukera onak izan zituen Camachok zuzentzen duen taldeak. 39. minutuan Colltortik Pandianiren erremateari erantzun ona eman zion eta minutu bat beranduago Arandaren boleakada bikain desbideratu zuen Racingeko atezainak. Atsedenaldira iritsi orduko Pandiani bakarrik geratu zen Colltortiren aurrean eta honek berriro gola eragotzi zuen. Horrenbestez, Racingen aldeko 0-2koarekin iritsi zen norgehiagoka atsedenaldira.
Bigarren zatian erasokor zelairatu zen Osasuna. 48. minutuan Colltortik gorritxoen gola eragotzi zuen Ruperren burukada ona desbideratuz. Sei minutu beranduago Pinillos izan zen atepetik Nekounamen burukada atera zuena. Ia jarraian partida guztiz erabakita uzteko aukera Munitisek eduki zuen, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen. 63. minutuan Pandianik jaurtiketa bikaina egin zuen eta berriro Colltortotik erantzun ona eman zion.
Osasuna erasora jo eta jo ibili zen, baina beste gol bat lortu zuena Racing izan zen. 79. minutuan Canalesek 0-3koa sartu zuen faltaz. Emaitza horrekin (0-3) bukatu zen norgehiagoka eta kantabriarrek jokatuko dituzte Kopako finalerdiak.
Fitxa teknikoa:
0 - Osasuna: Roberto; Azpilikueta, Sergio, Josetxo (Juanfran, 57. min),Monreal; Masoud (Calleja, 74. min), Ruper, Nekounam, Camuñas (Galan, 57. min); Pandiani eta Aranda.
3 - Racing: Coltorti; Pinillos,Henrique, Torrejón, Christian (Oriol, 25. min; Moraton, 67. min); Munitis,Colsa, Lacen, Serrano; Canales eta Xisco (Tchite, 65. min).
Epailea: Turienzo Alvarez.