Mundua
Hegazkinean zegoen
Lula ospitaleratu egin behar izan dute hipertentsio krisiak jota
Erredakzioa
Brasilgo presidentearen bizitza ez dago arriskuan, baina Davosen (Suitza) egiten ari diren Munduko Ekonomia Biltzarrera egin behar zuen bidaia bertan behera geratu da.
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak gaua ospitalean pasatu behar izan du hipertentsio krisi batek jota, mediku iturriek jakitera eman dutenez. Era berean, Davosen (Suitza) egiten ari diren Munduko Ekonomia Biltzarrera egin behar zuen bidaia bertan behera utzi dute.
Lularen bizitza ez dago arriskuan. Cleber Ferreira medikuak azaldu duenez, ondoeza sentitzen hasi da 02:30ak (GMT) aldera Davosera zeraman hegazkinean, eta Recifeko (nordeste) ospitalean ingresatu dute.
Medikuaren arabera (azken bost urteetan bere alboan izan da), 64 urteko presidenteak 18-12an izan du arteria-presioa, eta zenbait azterketa egin ostean, gela batean lo egiten ari zen 03:00etarako (05:00 GMT).
Ferreirak esan du arazo puntuala izan dela, Lula ez baita hipertentsoa, eta krisia estresak eta nekeak eragin dituela.
Medikuak gaineratu duenez, Lulak Davosera jun nahi zuela esan du behin eta berriz, izan ere, sari bat jaso behar zuen, baina bertan behera utzi behar izan dute bidaia badaezpada ere.
Presidentziaren gertuko iturriek adierazi dute Lulak "nekatuta eta ondoezak jota" zegoen zantzuak zituela Pernambucoko Estatuko gobernadoreak antolatutako afari batean.
Folha de Sao Pauloren agerkari digitalean zabaldu dutenez, Lulak ospitale bat inauguratu zuen atzo eta txantxak egin zituen ongi ez zegoela esanez eta ospitalean artatuko zuten lehenengo gaixoa izango zela esanez.
Gaur goizean Brasilgo presidenteak sendagiria jaso dezakeela uste dute eta horrela, Brasiliara edo Sao Paulora itzuliko da.