Itxi

Albisteak

20 artikulu

Euskaltzaindiak 'Juan Mari Lekuonari omenaldia' liburua aurkeztu du

Erredakzioa

20 ikerlari eta idazlek artikulu bana idatzi dute bere gogoan. Literatura Terminoen Hiztegi berria aurkeztu du gainera Akademiak.

Juan Mari Lekuonari omenaldia liburua aurkeztu du Euskaltzaindiak. Idazle eta euskaltzain oso izan zenaren omenez Euskaltzaindiak argitaratu duen liburu hau Iker bildumaren 23. zenbakia da.

20 ikerlari eta idazlek (Iñaki Aldekoa, Xabier Altzibar, Ur Apalategi, Antton Aranburu, Gorka Aulestia, Jon Casenave, Pello Esnal, Juan Manuel Etxebarria, Karmelo Etxenagusia, Sebastian Gartzia Trujillo, Jean Haritschelhar, Juan Kruz Igerabide, Jabier Kaltzakorta, Jon Kortazar, Emile Larre, Agustin Mendizabal, Mari Jose Olaziregi, Patziku Perurena, Ana Toledo eta Patri Urkizu) artikulu bana idatzi dute, Akademiaren Literatura batzordeko buru izan zena gogoan.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, Juan Mari Lekuonak “literatura zuen gaia. Grina, berriz, poesia, musika eta kantu herritar nahi landuetan. Emaitzak, taxutuak, zehatzak eta zorrotzak. Hitzaren zurrunbiloan murgilduta, hala ere, beti zegoen prest, modu diziplinatuan, Akademiaren gobernu-organoetan bere ahaleginak egiteko”

Jean Haristchelar Ikerketa batzordeko buruak esan duenez, bestalde, liburua “Juan Mariren gustukoa izango zen, hor parte hartu dugunok gure ikerketaren emaitzak eskaintzen dizkiogulako berari”.

Literatura Terminoen Hiztegia

Gaurtik aurrera, hortaz, hiztegi hori Akademiaren webgunean kontsulta daiteke Literatura Terminoen Hiztegi berria.

Aplikazio honek, hiztegiaren 648 terminoak banan-banan irakurri eta sarrera nagusien gaineko bilaketak egiteko modua eskaintzen dio erabiltzaileari. Erdarazko ordainak eta terminoen arteko estekak ere eskaintzen ditu sistemak.