Itxi

telebista

13:30ean

"Euskadi Directo" eguneroko albistegi berria hasiko da gaur ETB-2n

A.H.

EITB

Miriam Duquek aurkeztuta, Euskadin gertatzen den guztiaren berri emango dute 13 erreportariren eskutik.

Gaur, otsailak 8, Euskal Telebistak "Euskadi Directo" saio berria estreinatuko du, eguneko gertakari garrantzitsuenen zuzeneko ikuspegia eskainiko duen albistegia, Miriam Duque kazetari ezagunak aurkeztuta. 13 erreportari Euskadiko hiri eta herrietan barna ibiliko dira jazotako albiste, gertakari eta ekitaldien berri modu arin eta atseginean emateko.

Otsailaren 4an aurkeztu zuten Vitoria-Gasteizen programa. Ekitaldian Alberto Surio EITBko zuzendari nagusia, Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendaria, Jose Gordejuela saioaren produktore exekutiboa, Miriam Duque aurkezlea eta zenbait erreportari egon ziren.

Eguneroko istorioen bozgorailua

"Euskadi Directo" Euskal Telebistara itzuliko da herritarren bozgorailu bihurtzeko asmoz. Istorio atseginak jorratuko dituzte, ikus-entzueentzat gertukoak direnak. Gure kale eta auzoetako gaurkotasunari helduko diote, gertakari edo istorio bakoitzeko protagonistei ahotsa emanez. "Hiritarrak ez dira ikus-entzule simple moduan geratuko, gure saioaren protagonistak izango dira", dio Miriam Duque programako gidariak. Euskaldunen interes, beharrizan eta arduren inguruan arituko direla ziurtatu du.

Gaurkotasuneko gaiak ez ezik, osasunaren eta kulturaren ingurukoak ere landuko dituzte, xarma berezia duten parajeak erakutsiko dituzte eta irudi harrigarriak ere bai. Luxuzko Euskadi eta Begiradak izeneko tarteak ere prestatu dituzte.&' || 'nbsp;"Gure ikus-entzuleek nahi duten lekuraino iristeko prest gaude", dio aurkezleak. "Kamerak toki guztietara eramango ditugu, itsas bazterretatik mendi garaietaraino. Punta-puntako teknologiak ezagutuko ditugu, arriskutsuak diren lanak ikusiko ditugu eta tradizio handiko ogibideei ere emango diegu ahotsa. Berdela, hegaluzea eta Arabako patatak mahaira eramango ditugu zuzenean", dio Miriam Duquek.

Erreportariak ez dira berriemaile soilak izango, herritarren istorioetan murgilduko baitira. Honela, bada, jendeari lana aurkitzen lagunduko diete eta Euskadiko ofiziorik zaharrenak desagertu ez daitezen saiatuko dira. Pertsonaia bitxiekin eta eguneko heroi bihurtu direnekin egongo dira, eta krisiari aurre egiteko trikimailuak emango dituzte.

Eskarmentu handiko lan-taldea

"Euskadi Directo"ko lan-taldea 13 erreportarik osatzen dute: Aunitz Alberdi, Iban Bengoetxea, Maite Eskarmendi, Reyes Prados, Ainhoa Garcia, Javier Palacio, Leire Carrera, Roberto Vazquez, Alex Pascual,Juan Pablo Garzon, Elizabeth Peña, Iñaki Elorza eta Unai Ugarte. Guztiak eskarmentu handiko kazetariak dira, Euskal Telebistan eta zenbait herri telebistetan trebatutakoak. "Jendearekin bat egiteko ilusio handia dugu, euren eguneroko bizitzaren parte izan nahi dugu eta kalean egon, zerbait gertatu ala zerbait kontatu nahi diguten bakoitzean", gogoratu du Miriam Duquek.

Miriam Duquek berak ere esperientzia handia du hedabideetan. Hamaika urtez lan egin du telebistan eta azkeneko bost urte hauetan Canal Bizkaia telebista kateko Albistegi burua eta "Bizkaia Gaur" albistegiko aurkezle eta editorea izan da. Elkarrizketa eta solasaldi saioetan ere aritu da. Bizkaiko tokian tokiko informazioaren aurpegi ezagunenetariko bat bilakatu da eta gogotsu ekingo dio erronka berri honi.

"Euskadi Directo" astelehenetik ostiralera egongo da ikusgai 13:30ean ETB-2n.