Osasuna
Zuhur mintzatu da
Pandiani (Osasuna): "Ez gaude ezer oparitzeko moduan"
Asier Legarda
Taxoare
Teneriferen aurkako partidaren arriskuaz ohartarazi du aurrelari uruguaitarrak.
Asteazkeneko lan saioa burutzea galarazi zion gripea gainditu du Walter Pandianik jada, eta ostegun goizeko entrenamendua gainerako taldekideekin batera gauzatu du aurrelari gorritxoak. Teneriferen aurkako lehian uruguaitarra izango da berriz Osasunaren erasoko erreferentzia nagusia -Aranda izango du bikotekidea aurrean eta Masoud irandarrak Juanfran ordezkatuko du eskuin hegalean-, baina igandeko partidaz zuhur mintzatu da gaur Pandiani: "Nahiko egoera onean gaude, baina lanean jarraitu behar da, ez gaude ezer oparitzeko moduan eta aurkari zuzen bat urruntzeko aukera ederra daukagu igande honetan. Dena dela, Tenerifek etxetik kanpo oso puntu gutxi batu dituen arren nik ez nuke esango aurkari erraza denik. Gaur egun oso orekatuta dago dena eta hasieratik erne ibili beharko dugu", adierazi du Osasunako aurrelariak.
Bere etorkizunaren inguruan, berriz, ekainean kontratua amaitzen badu ere ate guztiak zabalik utzi ditu Pandianik: "Klubak nik jarraitzea nahiko du, hala usted ut behintzat, baina ezer ez dago argi. Presidentearekin eta kirol zuzendariekin hitzegin nuen orain bi aste, eta ez dut ezer baztertzen, baina ezer ez dago erabakita", esan du.