Itxi

Athletic Club

Manchester Cityk nahi du

Javi Martinez (Athletic): "Zurrumurruak baztertzen saiatzen naiz"

Haritz Gallastegi

Lezama

Erdilari zuri-gorriak ez dauka Manchester Cityren ustezko interesaren berririk.

Javi Martinez maila ikusgarria ematen ari da sasoia hasi zenetik. Denboraldi batetik bestera etengabe hazten ari den jokalaria da. Eta oraidnik 22 urte baino ez dituela kontuan hartuta, goi mailako taldeak ere hasi dira jokalaria gertutik jarraitzen. Real Madrilen izena agertu zen lehenengo eta orain Manchester City omen da Aiegikoa fitxatzeko interesa duen taldea Baina, mementoz, zurrumurruak baino ez dira. Jokalariak ez dauka talde horien berririk. "Hedabideetan agertu dena dakit nik ere. Inork ez dit ezer esan. Zurrumurruak alde batera lagatzen ahaleginduko naiz". Ba hori, jokalariak ere ez dakiela ezer.

Erdilari nafarra Xerezen kontrako neurketan ari da pentsatzen. Ez du huts egitea gura. "Xerez ez dago hilda. Azken sailkatuaren aurka jokatuko dugu, baina Lehen Mailan ez dago neurketa errazik”, azaldu du. Iraolak, berriz, garaipenak duen garrantzia nabarmendu du. "Azken porrot bien ostean nahitaez irabazi behar dugu. Horretarako gehiago arriskatu beharko dugu erasoan".

Zelai erditik aurrera jokatzen duten futbolariak dira, hain zuzen, arazo fisikoekin dabiltzan jokalariak. Yestek ez du entrenatu eta, beraz, Caparrosek beste jokalari bat zelairatu beharko du ezker hegalean. Llorente, berriz, gastroenteritisak jota dago eta De Marcosek orkatila dauka bihurrituta.

Haiti zuri-gorria ekimena

Rafa Alkortak sustatuta Haitiko lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko ekimena egingo dute Athleticeko jokalariek. Bihar, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara, fotoak sinatuko dituzte Bilboko leku ezberdinetan borondatearen truke. Eskuratutako dirua Gurutze Gorriaren eta Save de Children erakundeei esker bidaliko da Haitira.