Itxi

Gizartea

Droga-trafikoa

Donostiako eskola bateko atezaina atxilotu dute droga saltzeagatik

Erredakzioa

Poliziak ezin izan du baieztatu emakumearen bezeroen artean ikastetxeko ikasleak ote zeuden. Espainiako Gobernuko iturriek ez dute eskolaren izenaren berri eman.

Donostiako ikastetxe bateko atezaina atxilotu du Espainiako Poliziak droga-trafikoa leporatuta, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak jakitera eman duenez.

Atxilotuak ez zuen drogarik saltzen ikastetxean bertan, eta ikerketako iturriek azaldu dutenez, Poliziak ezin izan du baieztatu emakumearen bezeroen artean ikastetxeko ikasleak ote zeuden.

43 urteko donostiarra estupefazienteak banatzen harrapatu zuten, eta orduan, Poliziak zaintza lanak abiatu zituen emakumearen inguruan.

Aipatu iturrien arabera, emakumeak ikastetxetik alde egiten zuenean "droga kontsumitzaile ezagunekin" jartzen zen harremanetan eta droga saltzen zien etxeren bateko atarian edo etxebizitza batean.

Iragan otsailaren 8an, ikertzaileek kontsumitzaileetako bat atzeman zuten susmagarriarekin egon ostean eta, gainean zeramana miatu ostean, heroina dosi bat aurkitu zuten.

Poliziek, orduan, atxilotu egin zuten emakumea eta, epailearen agindupean, haren etxebizitza miatu zuten eta bertan 83 gramo heroina, 33 gramo kokaina, 72 gramo marihuana, bi balantza elektroniko, ordenagailu eramangarri bat, PDA bat, bost sakelako telefono eta kalibre desberdineko 9 bala aurkitu zituzten.

Atxilotua guardiako epailearen esku utzi dute eta Poliziak, orain, emakumeak droga non lortu zuen eta balak zertarako zituen jakin nahi du.