Txirrindularitza
Uztailaren 3tik 25era
22 talderen parte-hartzea iragarri du Tourrak
Erredakzioa
Antolakuntzak Lance Armstrongen Radioshack taldea Rotterdameko irteeran izango dela ziurtatu du.
22 taldek hartuko dute parte aurtengo Frantziako Tourrean, antolakuntzak jakitera eman duenez. Talde bakoitzean bederatzi txirrindulari izango dira. Uztailaren 3tik 25era bitartean korrituko da eta irteera Rotterdamen izango da. "Gonbidapena lortzeko hautagai asko daude" eta Lance Armstrongen Radioshack taldea bertan izango dela ziurtatu dute.
Une honetan 16 talderen parte-hartzea bermatuta dago: Caisse d''Epargne, Euskaltel-Euskadi eta Footon-Servetto, Frantziako Ag2r, Bouygues Telecom, Cofidis eta Française des Jeux, Contadorren Astana, Lampre eta Liquigas italiarrak, Omega Pharma-Lotto eta Quick Step Belgikarrak, Rabobank holandarra, Columbia estatubatuarra, Milram alemaniarra eta Danimarkako Saxo Bank.
Bost gonbidapen falta dira eta Prudhommek iragarri duenez martxoaren amaieran emango dituzte jakitera. Hautagaien artean, BMC, Sky, Cervelo eta Garmin. Katusha, Vacansoleil eta Skil-Shimano bezalako taldeek ere bertan izateko itxaropena dute.