Itxi

kirolak

Vancouver 2010

Kumaritashvili Georgiako kirolaria hil da istripua izan ostean

Erredakzioa

Nodar Kumaritashvilik bere leraren kontrola galdu du 145 kilometro orduko abiaduran, ibilbidetik atera da eta instalazioko zutabe baten kontra talka egin du.

Nodar Kumaritashvili Georgiako kirolaria hil da gaur, bere lerarekin entrenatzen ari zenean Vancouver 2010eko Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, Whistlerreko pista azkarrean, Nazioarteko Batzorde Olinpiarrak (NBO) jakitera eman duenez.

Abiadura handian bere leraren kontrola galdu egin du Nodar Kumaritashvilik, ibilbidetik atera da eta Whistler instalazioko zutabe baten kontra bortizki talka egin du.

21 urteko kirolaria suspertzen saiatu dira larrialdi zerbitzuak eta zentro mediko batera eraman dute gero, baina bertan hil da.

145 kilometro orduko abiadura

Kumaritashvili ezbeharra izan duen unean 145 kilometro orduko abiaduran zihoan, munduko pistarik azkarrenean. Entrenamenduetan 12 kirolari baino gehiagok istripua izan dute pista berdinean.

Entrenamendua bertan behera utzi dute berehala, eta Nazioarteko Luge Federakundeko agintariek bilera batera deitu dituzte taldeetako arduradunak egoera aztertzeko.

Luge-ko Munduko Kopako bost lasterketatan parte hartu du aurten Kumaritashvilik, eta 44. postuan zen sailkapenean.